Palestinari elkartasuna adierazi dio Bultzada Txuri Urdinak
Bultzada Txuri Urdinak Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israel gauzatzen ari den genozidioa salatzeko aprobetxatu zuen asteazkenean Realak Benficaren aurka jokatutako partida.
Hain zuzen ere, Bultzadako hainbat kidek odola irudikatzen zuen pintura gorriz zikindutako mono eta maskara zuriak jantzi zituzten, eta Palestinako banderak eskuan, Aitor Zabaleta harmailara sartu ziren. Erdiko bi sektoreak hutsik utziak zituzten ekintza egiteko, eta eremu horretan sakabanatu ziren kideak, erdian kideetako bat jarri eta odola zirudien likido gorri bat gainetik bota zuelarik.
Inguruko realzaleek zein estadioko beste hainbat txokotakoek “Palestina askatu!” eta “Puta Israel!” oihukatu zuten ekintza gauzatu zuten bitartean, eta txalo artean agurtu zituzten Bultzadako kideak. IRUTXULOKO HITZA han izan zen, eta jarraian ikus dezakezue bideoa: