Zientzia Asteak doako dibulgazio jarduerak eskainiko ditu larunbatera arte
Zientzia Astea, Euskal Herriko Unibertsitatearen zientzia hedapenerako ekitaldi handiena, Donostian, Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen ospatuko da aurten ere, doako 200 bat jardueraz osatutako eskaintza zabalarekin. Gipuzkoako hiriburuan jarduerak ostegun honetan hasi dira eta larunbatera arte luzatuko dira.
Zientzia Astearen 23. edizioak edizioak planetaren osasuna izango du ardatz. Hala, ikastetxeentzako jarduerak, tailerrak eta hitzaldiak eskaini ez ezik, lurraldean garatutako berrikuntza eta aurrerapenak ere ezagutzera emango dituzte. Besteak beste, eGIPUZKOA GIE taldeak Motostudent lehiaketaren esparruan egindako motozikleta aurkeztuko du Tabakaleran, eta “momentuko robot adimentsuenak” ere erakutsiko dira.
Geometria naturala, Mundu hobe baterako matematikak eta Minbizia ikertzen ari da UPV/EHU erakusketak dira programa osatuko duten beste jardueretako batzuk, eta itsas mundutik ere helduko zaio zientziari: zetaren propietateak ezagutzeko aukera izango da Mater itsasontziak itsas hondakinak “arrantzatzeko” antolatu duten txangoan, eta Unai Basurko nabigatzaileak Nabigazioa belan: zientzia, artea ala kirola? hitzaldia egingo du.