Behobia-Donostia, desgaitasuna normalizatzeko lasterketa
Kemen kirol klubak ia 30 urte daramatza kirolaren bitartez desgaitasuna dutenen pertsonen alde lanean. Urte osoan zehar jarduerak antolatu arren, jakin badakite Behobia-Donostia lasterketarekin dutela ikusgarritasun handiena.
Urteroko legez, Kemen Kirol Klubak Fortuna izango du bidelagun desgaitasunen bat dutenen Behobia-Donostia antolatzeko. Aurreko urteeko kirolari kopuruarekin alderatuta, aurten baxuagoa izango dela onartu du Fernando Mitxelena zuzendariak, atleta askok Parisko Olinpiar Jokoetan jarrita dutelako burua: «Haien prestaketarako bortitzegia da lasterketa hau». 58. Behobia-Donostia lasterketan —Kemen klubaren 38.ean— 64 atletek hartuko dute parte, horietatik 22 gipuzkoarrak.
Gurpilen gainean egingo dutenen artean, hogei kirolari arituko dira esku bizikletan, eta, aldiz, bi soilik izango dira gurpildun aulkien kategorian. «Jende asko gurpildun aulkitik esku bizikletara pasatu da, abiadurekin aldapak errazago igotzen direlako», azaldu du Mitxelenak.
Ikusmen urritasuna duten kategorietan, berriz, hamazazpi pertsona arituko dira lehian, atleta eta gidari artean. Bi kategoriatan banatzen dira: B1 eta B2, ikusmen mailaren arabera. Aurtengo lorpena, ordea, atleta gorren modalitatean izan dute; izan ere, hogei lagunek eman dute izena, iazko parte hartzaile kopurua laukoiztuta. Era berean, desgaitasuna duten bost atletek oinez egingo dituzte ibilbidearen 20 kilometroak.
Boluntarioen lana eta aitortza
Hori guztia koordinatzeko boluntarioen lana «ezinbestekoa» dela onartu du klubeko zuzendariak. Aurten, 200 pertsona inguru arduratuko dira kirolariak eta euren materiala garraiatu, eta helmugako harrera egiteaz. Horrez gain, egokitutako autobus bat, lau mikrobus, bi furgoneta eta kamioi bat erabiliko dute aulkiak eta esku bizikletak batetik bestera garraiatzeko. «Lan handiko asteburua» dela onartzen dute, baina bildutako esperientziarekin lasai egiten diote aurre, «bakoitzak bere egitekoa oso argi duelako».
Era berean, urteroko moduan, elkartearekin konprometitua dagoen pertsona baten lana omentzeko, Lurdes Zubillaga zendutako boluntarioaren izenean sortutako saria banatuko dute. «Aurten, berezia izango da, bere alabetako bati emango diogulako», azaldu du Mitxelenak.
Lasterketatik haratago
Atzera begiratzen badute, aurrerapauso handiak eman dituztela onartzen du klubeko zuzendariak. «Hasieran, gurpildun aulki normalak erabiltzen genituen eta zoro moduan begiratzen gintuzten», gaineratu du. Orain, ordea, punta-puntako materiala eskuratzeko moduan daude, eta horrek egiten ditu hein batean erakargarri. «Aholku bila etortzen dira asko, kirol berria probatzera», azaldu du Unai Lopetegi klubeko sentsibilizazio koordinatzaileak. Lopetegiren arabera, egun duten kirol materialari esker kirolak probatzeko aukera ematen dute, batik bat, prezioak ordainezinak direlako hasi berri diren kirolarientzako. «500.000 pezeten kluba gisa izendatu gaituzte, hemen dugun tramankulu bakoitzak 3.000 euro balio dituelako», gaineratu du Mitxelenak.
Materiala kanpoko eskola eta eragile zein bazkideentzat jartzen dute erabilgarri. Egun, hamaika kirol jarduera eskaintzen ditu klubak, eta besteak beste, eskia, atletismoa, pilota, mendizaletasuna, tiro olinpikoa edo golfa probatzeko aukera dago: «Denetarik dugu klubean, batzuk lehiarako prestatzen dabiltza buru-belarri eta besteek aisialdi gisa hartzen dute. Hemen, bakoitzak jartzen du muga». Horrez gain taldeko laguntza psikologikoa eskaintzen dute, «bat-batean hanka edo beso bat galdu duen pertsona batek» besteen esperientzietatik ikasi eta bereak partekatu ditzan.
Sentsibilizazioa zabaltzen
Kirolaren bitartez, hain zuzen, lortzen dute klubaren beste helburu nagusienetako bat: desgaitasuna gizartean ikusaraztea eta hura normalizatzea. Alor horretan, Behobia-Donostia dute erakusleiho nagusi, baina sentsibilizazio jarduera mordoa egiten dute urte osoan zehar. Eskoletan ibiltzen dira batik bat, jolasen eta kirolari profesionalen hitzaldien bitartez lanketa egiten. Haurrek helduek baino aurreiritzi gutxiago dituztela dio Fernando Mitxelenak, eta zalantzak daudenean, galderak jasotzea nahiago izaten duela: «Helduek ez dakite nola jokatu gurekin, eta batzuetan haur txikiak bagina bezala hitz egiten digute. Beti esan izan dugu aulkia burutik kendu eta ipurdian jarri behar dugula”.
Sentsibilizazio alorrean egindako lanaren fruituak ikusten ari diren arren, bide luzea egiteke dutela dio Maider Mitxelena klubeko idazkari nagusiak: «Etorkizuneko helburua Kemen desagertu edo kirol klub arrunt bat izatea da; hala balitz, jendeak desgaitasunen bat izan ala ez, edozein klubetan kirola egiteko aukera izango lukeelako».