'Black friday' fenomenoari aurre egiteko 'Local Colour days' bultzatu dute Erdialdeko komertzioek
Gaurtik azaroaren 25ra arte, Zentroan Erdialdeko merkatarien elkarteak “tokiko friday propioa” ospatuko du. 4.500 euro zozkatuko dira egunero banatuko diren 20, 50 eta 100 euroko txartelen bitartez. Antolatzailek azaldu dutenez, baleak elkarteko kide diren 200 establezimendu baino gehiagotan kontsumitu ahal izango dira eta erraz topatzeko moduan egongo dira kanpainaren logoaren bitartez. Hori horrela, erosketa egiterakoan bezeroak jasoko duen QR kodea eskaneatu beharko du, inprimakia bete eta egotzi zaion kodea sartu. Unean bertan jakin ahalko da saririk irabazi duen ala ez.
Kanpainaren bultzatzaileek adierazi dutenez, helburu nagusia da kontsumo handiko garaietan tokiko komertzioetan erosteak duen garrantziari buruz sentsibilizatzea: “Zaila egiten zaigu lehiatzea, eskaintza ugari eskaintzen baitute plataforma eta gune horiek”. Horren aurrean, hurbileko produktu jasangarri eta esklusiboari balioa emateko aldarria egiten dute: “Negu honetan jende guztiak jantziko duen beroki arrosa bera jantzi nahi ez baduzu, etor zaitez gure establezimenduetara”.