Dena prest igandeko kirol festa handirako
Kirol probaren atarian, aurkezpen ofiziala egin dute Fortuna Kirol Elkarteko antolatzaileek, babesle eta ordezkari politikoekin batera.
Behobia-Donostia lasterketa egutegian gorriz markatuta dute Donostiako kirolari gehienek, eta dagoeneko hirian sumatzen dira lasterkari uholdearen aurretiazko urduritasun eta prestaketa lanak. Kirol probaren atarian, halaber, aurkezpen ofiziala egin dute Fortuna Kirol Elkarteko antolatzaileek, babesle eta ordezkari politikoekin batera. Bertan izan dira Eneko Goia alkatea, Eider Mendoza ahaldun nagusia eta Enrique Cifuentes Fortuna Kirol Elkarteko presidentea, besteak beste. Aurtengo edizioa aurkezteaz gain, emakumeen partaidetzaren hazkundea eta arlo sozialean egiten den lana nabarmendu dute.
Kirol probaren 58. edizioak piraten sinbologia izango du, Jaime Aizugaray, lasterketa girotzen duen pirata omentzeko. Azaldu dutenez, “energia askoren batuketa” da Donostia-Behobia lasterketa eta parte hartzaileez gain, elkarlanean ibiltzen diren askotariko enpresa eta elkarteen eskertza egin dute, lasterketari segida emateko “garrantzitsuak” baitira. Ildo beretik, “kiroltasunaren baloreak” bultzatzen eta “gizarte kohesioan” egiten den lanketa ekarri dute gogora Ana Telleria, Atzegiko kide eta kirolzalearekin batera.
Antolatzaileek aurretik azaldu zuten moduan, aurtengo lasterketa mugarria izango da parekidetasunaren alorrean, izan ere, inoiz baino izen ematen handiagoa izan da emakumeen aurten — 8.663 orotara —. Orotara, lasterkarien %30 izango dira igandean. Ildo horretan, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendariak bide beretik lan egiteko konpromisoa adierazi du: “Donostia-Behobia lasterketak azken urteotan abiatutako estrategia bultzatuko dugu eta aurten eta datorren urteari begira, parekidetasuna areagotuko dugu”.
Pandemia garaian urtetik latzenak igaro ostean, egun Behobia-Donostia inoiz baino osasuntsuago dagoela adierazi du Fortuna kirol elkarteko presidenteak. Aurten izen emateek eman dute horren berri, izan ere, ekainerako agortuak zeuden guztiak: “Askotan galdetu diot nire buruari zergatik duen egungo arrakasta. Izan ere, ez du distantzia homologagarririk, ezta marka onak egiteko profilik ere, eta hiri txiki batean egiten da”. Ildo horretan, presidenteak jendearen babesa eta jai giroa funtsezkoak direla iritzi du. Era berean, korrikalari guztiei eskaintzen zaien berdintasuna ekarri du gogora: Behobiak ez du sekula saririk eskudirutan eman, eta horrekin oihartzuna galdu izan dugun arren, herri lasterketaren giroa sustatu dugu”.