Elkarretaratzea egin dute Lizarrako haurraren erailketa gaitzesteko
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa plataformak antolatuta, Lizarrako haurraren erailketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian. Bulebarrean elkartu ziren, eta Aski da! lelopean egin zuten protesta.
Erailketa matxista
Nafarroan, Urbasa inguruan, zazpi urteko haur baten eta haren aitaren gorpuak aurkitu zituzten asteartean (azaroak 7). Haien bila ari ziren astelehenetik, haurraren amak haren desagertzearen berri eman zuenetik. Guardia Zibilak aurkitu zituen gorpuak, eta ikerketa bat abiatu zuen heriotzaren nondik norakoak argitzeko. Oraingoz, autopsiaren emaitzek frogatu dute aita-semeak amilduta hil zirela, erortzean egindako zauriengatik, eta aitak semea besoetan bilduta zuela jausi zirenean.