Maitasuna bidelagun izango du aurtengo Literaktum jaialdiak
Hamalau elkarrizketek, lau erakusketek, haurrentzako jarduerek, eta antzerki zein dantza emanaldiek osatuko dute azaroaren 13tik 26ra ospatuko den kutur jaialdiaren egitaraua. 'Maitasunaren geografiak' giza harremanak izango ditu hizketagai.
Erich Fromm pentsalariaren arabera, «maitasuna trukean ezer espero gabe ematea da. Norberaren onena edo izatearen preziatuena beste pertsona batekin edo batzuekin partekatzea». Hain zuzen ere, literatura eta hitzen mundua partekatzea du helburu Literaktum jaialdiak eta aurten, maitasunaren gaiari heldu nahi izan dio, askotariko ikuspegiak landu eta horren inguruko eztabaidak bultzatzeko. Donostia Kulturak antolatzen du jaialdia, Kutxa Fundazioaren, aldundiaren eta Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen laguntzarekin.
Lehen maitasunaz, maitasun harreman berriez, maitatzeko moduez eta laguntasunaz arituko dira sortzaileak. Gioconda Belli idazle nikaraguarrarekin abiatuko dute jaialdia hilaren 13an, Ernest Lluch Kultur Etxean, eta hortik aurrera, hamabost egunez hiriko hainbat kultur etxe, antzoki eta egoitzetatik —San Telmo museoa eta Santa Teresa komentua— igaroko dira Antonio Muñoz Molina, Maximo Huerta, Antje Ravic, Ray Loriga eta Alejando Gandara sortzaileak, besteak beste. Aurten, gainera, liburu dendak «berreskuratu» nahi izan dituzte jaialdiko antolatzaileek, eta Elkar eta Zubieta saltokietan izango dira Nerea Balda eta Jacobo Bergareche idazleak.
Bertako lana sustatuz
Egitarau zabal horren baitan, halaber, euskal idazleen lana hauspotu nahi izan dutela adierazi du jaialdiko zuzendari Jon Aizpuruak, eta aurten, ezinbestean, Patxi Zubizarreta gonbidatu behar zutela. Ordiziarrak Espainiako Literatur Saria eta Euskadiko Haur eta Gazte Literatur Saria irabazi ditu azken hilabeteotan, eta orain bere azken eleberriaren —Loak ezkutatzen duena— aurkezpenean dabil murgilduta. Horiek horrela, hilaren 20an, hitzordua egin dute idazlearekin Viktoria Eugeniako Klub aretoan, eta gonbidapen bitartez idazlearekin egindako elkarrizketaz gozatzeko aukera egongo da.
Zerria eleberrian (2020) giza izaerari buruzko istorio gordina kontatzen bazuen, misterioa eta maitasuna ditu protagonista azken eleberriak. Zehazki, insomnioa du aztergai, eta gauaren eta biharamun nekezaren deskribapenean murgiltzen da lotaratzailearen pertsonaiaren bitartez.
Zubizarretaren iritziz, literaturak «zerikusi handia du» ametsekin, baina kritika sozialetik eta politikotik ere nabarmen elikatzen da. Hori horrela, «tranpa estetikoak» baliatzen ditu erreferentziak gehitu, sentimenduak adierazi edo gizartearen kritika egiteko: «Azken liburuan farmazeutiken industriak loarekin egiten duen negozioa mahai gaineratu nahi izan dut, esaterako».
Egungo literatura kontsumoez jakitun, irakurleen barruko sentimenduak astintzeko beharra aldarrikatzen du Zubizarretak: «Lo dagoen gizarte batean bizi gara, eta, oro har, jendeak nahiago izaten ditu azaleko istorioak kontatzen dituzten best seller-ak». Iluntasuna baliatzen du idazleak egungo «hibernazioa» kritikatu eta barrenetan arakatuz, konplizitatea lortzeko. «Barruko hitzetan, gure miseriak ateratzen dira eta horiekin bat egiterakoan irribarrea ateratzen zaigu, bat sentitzen garelako gizateariarekin», azaldu du ordiziarrak.
Haur literatura hizpide
Maitasuna erdigunean izango duten aurkezpenez gain, haur literatura hizpidera ekarriko dute adituen mahai inguru batekin. Hala, CLM Unibertsitateko irakasle Sandra Sanchezek, Cuatrotuercas argitaletxeko sortzaile Belen Gaudesek eta haur literaturan aditu den Yolanda Arrietak azken urteotako afera nagusiak plazaratuko dituzte hilaren 17an egingo duten eztabaidan. «Udaberrian Roal Dahlen ipuinak berregokitzen hasi ziren, ustez gaur egungo bizimodurako politikoki zuzenagoak direlako eta eztabaida sortu zen; izan ere, nor gara gu ezer egiteko?» azaldu du Arrietak. Egokitzapenari eta eguneratzearen eztabaidaren inguruan sortu diren ikuspegi kontrajarriek klasikoenak ere berraztertzera eraman dituztela gaineratu du: «Akaso irakurtzen ditugunean, sortu zireneko testuingurua zainduz eta ezagutuz irakurri behar dira, sortu zen garaiko betaurrekoak jantzita».
Kantzelazioaren kulturak sortu duen harrabotsaz gain, heziketa literarioan jarriko dute azpimarra. Alor horretan lanketa handia egiteke dagoela dio Arrietak, besteak beste emozioei hertsiki lotuegia egoteaz gain, literatura haurren arazoen konponbidetzat hartzen delako: haurra lasaitzeko edo neba-arreben arteko jeloskortasuna kudeatzeko. «Bat- bateko estimulu eta konponbide erraz eta bizkorren garaian bizi gara, eta horren isla da haur literaturaren inguruan zabaldu den irudia», adierazi du Arrietak. Horren aurrean, hari afektiboen lanketaren aldeko aldarria egiten du. Era berean, literaturari eskaintzen zaion debora eta kalitatea eztabaidatzea ere funtsezkoa dela dio, ikasketa prozesuaren parte den arren, «magia» falta zaiolako oraindik.
Elkarrizketak baino gehiago
Hain zuzen, hitzaldi eta elkarrizketez haratago ondutako programazioan, haurrengan literatura eta irakurketa sustatzeko ekitaldi mordoa antolatu ditu jaialdiak. «Egungo haurrak etorkizuneko irakurleak ere izango dira, eta haiek gabe Literaktumek ez du segidarik izango», azaldu du jaialdiaren zuzendariak. Hala, haurrentzako antzerkiaren, irakurketa kluben eta ipuin kontalarien maratoiaz gain, Nazioarteko Haurren Eguna ospatuko dute hilaren 20ean, haurrentzako egiatauaren baitan.
Era berean, adin guztietarako bestelako sorkuntza artistikoetako lana bultzatu nahi izan dute, maitasunaren «beste adierazpen edo hizkuntzak» tartekatzeko. Besteak beste, Juan Carlos Onettiren ipuinekin osatutako errezitaldia, Call Me by Your Name filmaren proiekzioa, Bizitzaren aldeko borroka antzezlanaren emanaldia eta Kutxa Irun Hiria 45 Literatur Sarien banaketa dira aurtengo bestelako jardueren artean topatu daitezkeenak. Jaialdiak, halaber, omenaldien hautuari segida eman nahi dio, eta aurtengo urteurrenak baliatuta, erakusketak egingo dituzte Mikel Laboaren, Jules Verneren eta Euskal Irudigileen elkartearen lana omentzeko.