Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak omendu ditu udalak
Memoriaren Eguna dela eta, Donostiako Udalak omenaldia egin die terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei. Alderdi Ederren dagoen biktimak omentzeko monolitoan egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea eta udal korporazioko gainerako kideak. Hainbat minutuko isilunea egin ondoren, lore eskaintza egin dute, Udal Txistularien bandak lagunduta.
Ekitaldiaren amaieran, Goiak positiboki baloratu du udal korporazio osoa bertan egon izana: “Indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogora ekarri nahi izan ditugu gaurkoan, eta haiei aitortza bat egin. Udal korporazio osoa egon gara ekitaldi xume honetan, eta hori azpimarratu egin nahiko nuke, iruditzen zaidalako etorkizunera begira hori dela bidea; guztiek egitea errekonozimendu eta aitortza hori”.