Uliako Kutraia: iturri, harraska eta hezegune
Hainbat dira Ulia mendiak dituen iturriak, eta Kutraia da enblematikoenetako bat, 200 urtetik gora baitaramatza hor. Edateko ura hartzeko ez ezik, arropa garbitzeko ere erabili zen urte luzez; egun, paseatzaileentzako iturri eta anfibioentzako bizitoki da.
Nork ez du egin Josetxo Mayorrek berreskuratutako Talaia bidea Grosetik Pasaiara eta Pasaiatik Grosera? Donostiar orok ezagutzen duen ibilbidea da, baina bide ezagunek bitxikeriak ezkutatzen dituzte baita ere. Hain justu, Uliako bederatzi iturrietako batek historia handia du: Kutraia iturriak.
Grosetik gertu dago iturri hori, eta 200 urtetik gora ditu, XVIII. mendearen amaierako idazki batzuetan dagoeneko aipatzen baita. Bertan dagoen iturburu bateko ura jasotzeko eraiki zuten, inguruko baserrietako emakumeek arropa han garbitu zezaten. Bitxikeria gisa, pixka bat beherago dagoen Argi Ura iturria Kutraiatik sortu zen, luizi batek uraren jarioa desbideratu baitzuen.
Kutraia zulo batean kokatuta dago, uraren hodiaren azpian garai batean erabiltzen zuten harraska baitago, Uliatik bertatik ateratako hareharrizko hormek inguratuta eta bi eskailerarekin.
Aristokraziaren arropa garbitzeko
Baserrietako arropa ez ezik, latsariek Londres hoteleko arropa garbitzeko erabiltzen zuten harraska hori. Izan ere, belle époque-aren garaian (XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera), aristrokrata ugari etortzen ziren Donostiara, eta hiriko emakume langileak ziren hotel aristokratikoetako arropa, izarak eta bestelakoak garbitzen zituztenak. Uliakoaz gain, hiriko beste latsarri batzuk ere erabili zituzten horretarako, hala nola, Miramongo basoan berriki berreskuratu dutena.
Aristokraziaren aisialdi gune izan zen urte luzez Ulia, eta, hori dela eta, hirigunetik igotzen zen tren txiki bat funtzionamenduan egon zen hainbat urtez, baita 1907an inauguratu zuten transbordadore berezia ere. Aristokratek ez ezik, latsariek ere erabiltzen zuten trena, arropaz kargatuta igo behar izaten baitziren.
Dagoeneko ez da arropa garbitzeko erabiltzen, baina paseatzaileak urez hornitzeko balio du oraindik. Gainera, harraska urez beteta egoten denez, latsarien lantoki izan zena anfibioen bizitoki izan ohi da orain; gunea zaintzeko arrazoi bikoitza.