Zaporeak elkarteak ia 30.000 kilo elikagai bidali ditu Lesbosera, asilo eskatzaileen gorakadaren aurrean
Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak ia 30.000 kilo elikagai bidali ditu Greziako Lesbos uhartera, asilo eskatzaileen kopuruak gora egin ostean. Arduradunek gogorarazi dute hilabeteak daramatzatela ohartarazten Greziako migrazio egoera “egunero larriagotzen “ari dela. Orain, ohar bidez eman du bidalketaren berri, “asilo eskatzaileak masan” iristen baitirelako Lesbosera.
Zaporeak elkartearen arabera, azaroko bigarren astetik 5.000 pertsona baino gehiago egoera tamalgarrian bizi dira Kara Tepe kanpamentuan, eta jendea etengabe ari da iristen: “Egun bakar batean (azaroak 1) sei patera iritsi ziren 210 lagunekin”. Kideek gogorarazi dute, halaber, joan den maiatzean Greziako uhartean elkartearen errazioen kopurua handitu egin behar izan zutela lehendabiziko aldiz zortzi urtean, eta egunero bi mila errazio eskaintzen hasi behar izan zirela. Orain, ordea, bi aste baino gehiago daramatzate egunean 2.500 errazio prestatzen, baina ez da nahikoa: “Egunero gure boluntarioek banaketa furgoneta husten dutenean eta erraziorik gelditzen ez denean, ehunka errefuxiatuk ilaran jarraitzen dute oraindik”.
Egoera horren aurrean bidali ditu hain zuzen, 30.000 elikagai kilo. Kontainerrean, halaber, Gipuzkoako institutu, ikastetxe eta enpresak dohaintzan emandako eta edredoiak eraman dituzte. Zaporeak elkartetik adierazi duenez, dena da lagungarri “errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzen saiatzeko”. Nolanahi ere, argi utzi dute horrekin ere ez dela nahikoa.