Donostiako Udalak Mirakontxako Nobu hotela ixteko agindu du
Donostiako Udalak Mirakontxa pasealekuko bost izarretako Nobu hotela ixteko agindua eman zuen pasa den astelehenean. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, azken asteetan egindako hainbat ikuskapenetan azken hilabeteotan egin diren lanetan araudia urratu dutela berretsi zuten. Hori horrela, astebetez itxita egon da establezimendua eta hala jarraituko du urraketa konpondu bitarte. Hotelaren webgunean, halaber, ez dago erreserba egiterik 2024ko urtarrilaren 1a arte.
Hain zuzen, Ancora elkarteak salaketa bat aurkeztu du azken egunotan Donostiako Hirigintza Sailean, Nobu hotelean egindako lanengatik izan ere, kontserbazioaren alde lan egiten duen elkartearen arabera, Hirigintza eta Eraikuntza Ondarea Babesteko Plan Berezia (HEOBPB) urratzen dute. Zabaldutako ohar batean salatu duenez, arkitektura izaerako “irregulartasunez” gain, “establezimenduak lehen erabilerako nahitaezko lizentziarik gabe dihardu”, eta ez du funtzionamendu lizentziarik.
Arkitektura irregulartasunak
Ancorak salatzen dituen irregulartasunen artean sartzen da “atzeko fatxada eta alboetako biak ia osorik suntsitzea, eta eraikin historikoa gutxieneko adierazpen materialera mugatuta geratzea, aurrealdeko xafla mehe baten edo erretzeko paper baten baliokidea” izanik. Jarduera horiek, halaber, “HOEBPBa urratzeaz gain, ez daude Eraisteko hirigintza lizentziaren babespean”; izan ere, lizentzia horrek “barrualdea husteko aukera baino ez zuen ematen, lau fatxadak zorrotz babestuz”. Era berean, azaldu dutenez, Obra Handiko lizentziak ere ez du hotelean halako aldaketak egitera baimentzen, “inguratzaile babestu guztia kontserbatzeko behar diren egitura indargarriak eta eskoramenduak egitea ezartzen baitu”.
Ancorak, salatu duenez, halaber, “iraunkor” eta “ordezkaezin” gisa deklaratuta zeuden elementuak suntsitu dez ezik, 1,20 metroko altxamendua egin dute, eta horrenbestez, aurrealdeko goi partea erabat aldatu dute. Hori horrela, kontserbazioaren ade lan egiten duen elkarteak ikerketa bat abiarazteko eskatu du, lekuan bertan neurketak egiteaz gain, legez kanpo eraikitakoa eraitsi eta babestutako eraikinaren irudi jatorrizko irudia berreskuratu dezaten.