Aspanogik jaialdi solidario bat antolatu du elkartearen 25 urteak ospatzeko
Aspanogi Gipuzkoako Minbizia duten Adingabeen Familien Elkarteak 25. urteurrena ospatuko du aurten, eta elkartasun jaialdi bat antolatu du datorren larunbatean, hilak 25, Donostiako Kursaalean. Kolaboratzaile guztiak eskertu eta “itsasoan nabigatzen eta borrokan aritu diren” pirata guztiak omentzea du helburu elkarteak. Jaialdiaren aurkezpen ekitaldian aipatu dutenez, kaltetutako lau familiek abiatu zuten gizarte ekintzailetza 1998an, eta egun 250 familiek osatzen dute: “25 urte hauetan bizipen asko bizi izan ditugu, gazi-gozoak asko baina gozoak ere bai, pirata eta familia asko Aspanogiren historiaren parte dira”.
Ibilbide honetan “minbizia duten adingabeen eta haien familiaren ongizaterako lorpen garrantzitsuak” lortu dituztela nabarmendu dute, gaixotasuna diagnostikatu eta gero, Donostia Ospitalean eta ospitaletik kanpo arreta integrala (laguntza, arreta psikologikoa eta giza arreta) eskaintzen baita egun. Azaldu dutenez, halaber, elkartearen helburu nagusienetako bat zaintzailearen zaintza gainbegiratzea izan da, eta bide horretan, hainbat zerbitzu eta baliabide jarri dituzte eskuragarri: hala nola, eguneko janari txartelak ospitaleratzeetan, familiaren arnas gela onkohematologia pediatrikoko unitatearen barruan eta ‘Piratenea’ harrera etxea. Era berean, minbizia duten adingabeen familien arteko harremanak sustatu dituzte “urteko irteera, topaketa eta bidaietan une atseginez gozatzeko” aukera eskainita.
Jaialdi solidarioa
Ekimen solidarioa arratsaldeko lauretan hasiko da ‘talent show’ batekin, eta Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek kantuan eta dantzan jarriko dituzte ikus entzuleak. Ekitaldia Nerea Aliasek, Lujan Ortegak (elkarteko pirata) eta Algaraklownek aurkeztuko dute, eta Andoni Ollokiegi eta Xafla taldearen emanaldiak, bideo proiekzioak, familia argazkiak eta “sorpresaren bat” ere izango dute.
Sarrerak salgai daude jada Kursaaleko webgunean, 10 euroren truke, eta aurreko egunetan eta egun berean ere erosi ahal izango dira leihatilan. Kursaalak halaber, Aspanogiko pirataren irudia izango du aurrealdean elkartearen omenez.