Desgaitasuna duten pertsonen arreta zerbitzuetako langileek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, Aransgi, Gautena, Aspace, Atzegi eta Goienetxe Fundazioko langileekin batera, elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioen “blokeoa” dela eta. Langileek azaldu dutenez, “negoziazio kolektiboa” behar dute, langileen lan baldintzak ez ezik, eskaintzen duten zerbitzuen kalitatea ere hobetu dadin. Ohartarazi dute, halaber, aurrerapausorik eman ezean, “ekintza sindikala” martxan jarriko dutela.
Desgaitasuna duten pertsonen arreta zerbitzuetan lan egiten dutenek nabarmendu dutenez, aurten “ez da soldata igoerarik izan”, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuak “ez du inolako konpromisorik hartu KPIa bermatzeko”. Bestalde, beren elkarteetako zuzendaritzek “ez dute langileen aldarrikapen ugariei erantzuten dien akordio proposamenik egin”.
Egoera horren aurrean, sektoreko langileek “lankidetza bat” abian jarri dezala eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari ;hau da, langileen ordezkariekin eta zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresetako zuzendaritzekin bildu dadila, sektorearen erronkei eusteko eta lan baldintzak eta zerbitzuen kalitatea hobetu ahal izateko: “erosteko gaitasuna” bermatzeko, batetik; eta bestetik, “lan kargak murrizteko”.
Sektoreko langileen baldintzak duintzeko eskaeraz gain, hilaren 30eko Greba Feminista Orokorrean zaintza lanak duintzearen aldeko aldarriarekin kalera ateratzeko premia azalarazi dute.