'La Cuesta del Culo' zer izan zen ezagutzeko martxa antolatu du Donostiako Asanblada Transbollomarikak
Donostiako Asanbalda Transbollomarikak I. Donostiako Mendi Martxa Disidentea antolatu du iganderako, hilaren 19rako. “La Cuesta del Culo zer izan zen ezagutzeko aukera izango dugu. Brindisa, testigantzak, istorioak…”, azaldu dute sareetan zabaldutako deialdian. “Etorri! Queer mendizalez jantzita, noski!”, gaineratu dute.
11:00etan hasiko dira La Perlan egingo duten brindisarekin. Jarraian, Mirakontxako aldapan gora abiatuko dira, eremu horren historia ezagutzeko. Ibilaldiaren ondoren, Amarako La Bodeguilla tabernara joango dira, eta bertan zizka-mizka batzuk jango dituzte, DJ emanaldi batekin girotuta.
Bereziki 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, LGTBI kolektiboko pertsona ugari ibiltzen ziren han zeuden gaueko giroko tabernetan, hala nola, Resaca tabernan. Hain zuzen ere, maiatzean, Resacako arduradun Iñaki Getariarekin hitz egin zuen hedabide honek maiatzean, gelditzen zen azken taberna baitzen.