Minbizia duten paziente guztiak artatuko ditu Onkologikoak, hilaren 27tik aurrera
Azaroaren 27tik aurrera, minbizia duten pertsona guztiak hartuko ditu Onkologikoak, Donostia Ospitaleko onkologia jarduera bere eraikinera lekualdatu baita. Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, neurri hori duela bost urte sinatu zuten atxikimendu hitzarmenetik dator: “Lekualdaketa horrek osatu egiten ditu 2018an hasitako urratsak, eta, gaur egun, onkologiako ospitalizazio solairuak Donostia Unibertsitate Ospitaletik Onkologikoaren eraikinera aldatzeko mugimendua ekarriko du”.
Gipuzkoako Onkologiaren Kudeaketa Klinikoko Unitatea eta 2.000 paziente baino gehiago ditu eta Donostia Ospitaleko eta Onkologikoko profesionalek osatzen dute. Bi erakundeek ohar baten bidez nabarmendu dutenez, “beste urrats bat” da Gipuzkoako unitatearen arreta onkologiko homogeneoa lortzeko.
Donostia Ospitaletik Onkologikora egingo den lekualdaketa, zehazki, onkologia medikoko, onkologia erradioterapikoko eta zainketa aringarri onkologikoetako ospitaleratze jarduera izango da, Gipuzkoako Minbiziaren Kudeaketa Klinikoko Unitateak homogeneoki eman dezan. Lekualdaketaren ondoren, Onkologikoaren eraikineko ospitalizazio solairuko prestazioak pixkanaka berrantolatzen joango dira. Nolanahi ere, egoera horretan dauden pazienteak artatzen dituen profesional taldeak berdina izaten jarraituko du.