Popularrek ehunka pertsona bildu dituzte Donostian, amnistiaren aurka
Alberto Nuñez Feijoo, alderdi popularreko presidenteak, pasa den astelehenean aurreratu bezala, popularrek elkarretaratzeak deitu zituzten Espainiar estatuko probintzia hiriburu guztietan, amnistiaren aurka. Gipuzkoako alderdikideek ere Pio XII plazan deituta zeuden, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzako lorategietan, baina elkarretaratzeaz ez zuen beste lurraldeetan bezalako arrakasta izan.
Ehunka lagun bildu ziren Donostian, ‘Espainiar guztien berdintasunaren alde. Ez amnistiari’ leloa jasotzen zuen pankartaren atzean. Bertan, Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidentea eta Mikel Lezama Donostiako zinegotzi popularra izan ziren, besteak beste, eta Fernando Savater filosofoak irakurri zuen manifestua. Azaldu zutenez, independentistek “Espainia zatitu” nahi izan zutenean egin zuten moduan, egun ere euren “aurrean” jartzeko asmoa dute, demokrazia eta Konstituzioa defendatzeko: “Mehatxua indartu egiten da, izan ere, Espainiako Gobernuko presidentea da, hauteskundeak galdu ondoren, boterean betikotzeko asmo bakarrarekin Estatua garaitu nahi duen mugimendu independentistaren buru jarri dena, espainiarren arteko berdintasuna hautsi nahian, epaileak eta fiskalak bozatuz eta gure herria umiliatuz”.
Adierazi zuten, halaber, Sanchezen asmoak betetzen badira ere, modu batean edo bestean aurkakotasunean jarraituko dutela, eta bide ezberdinak bilatuko dituztela Kataluniako prozesu independentistan uzipetutakoen amnistia geldiarazteko: “Zigorgabetasunaren aurkako borroka egingo dugu. Instituzioetan, parlamentuetan, auzitegietan, Europar Batasunean eta, bai, baita kaleetan ere. Modu baketsu, zibiko eta legitimoan. Gaur egiten ari garen bezala”.