Atotxarrekako lau eremu birzatituko dituzte
Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Atotxarrekako bat, bi, hiru eta lau lurzatiak (a.500. 1-2-3-4, teknikoki) birzatitzeko proiektuari. Proiektuaren xedea lurzati horiek aldatzea da, bi lurzati berri definitzeko, lerrokadurak eta sestrak zuzenduta eta horien tipologia aldatuta.
Dokumentuak higiezinen gune bat eratzen du, esleipen pribatiboko bi azpipartzela edo finka berezi eta eremu komunitario bat dituena. Era berean, Xehetasun Azterlanak Zelaiarte kalean espaloi bat antolatzea proposatzen du, bi metroko zabalera izango duena.
Lau lurzatiek 7.819 metro koadro batzen dituzte guztira, iparraldean bat partzelarekin egiten dute muga, hegoaldean espazio libreen partzela batekin, mendebaldean hirigintza intereseko elkartzearen mugarekin eta ekialdean Zelaiarte kalearekin.
Auzoko bizilagunen kexak
Kazetarien galderei erantzunez, Goiak azaldu du Atotxarrekako bizilagunen arazoak konpontzeko lanean ari dela udala. Lehenik eta behin, Goia “kritiko” azaldu da auzoaren proiekzioarekin: “Auzoa 2010-2011 inguruan diseinatu eta urbanizatu zen, eta ni oso kritikoa naiz proiektatu zen moduarekin, izan ere, ez zen aurreikusi gero gertatu diren gauza asko gertatu zitezkeenik. Baina hori ni ez nengoen udaletxe baten erabakia izan zen, eta nahi duenak erantzun dezala”.
Horrez gain, auzotik pasatzen diren autoen abiaduraren arazoa izan du mintzagai. “Arazo hori errepidean sakangune batzuk jarriz konpondu genuen, auzotarrekin elkarlanean”, azaldu du Goiak. Zabor bilketaren eta lorategien mantentze lanen inguruan, adierazi du oraindik arazo horiek konpontzeke daudela, baina konpontze bidean daudela. “Udalak kontratatuta zituen enpresek ez zuten auzo hori barne hartzen, auzoa sortu baino lehen zituelako kontratatuta. Beraz, bi kontratu horiek eguneratu ditugu, eta egoera hobetuko da horrela”, ziurtatu du Goiak.
Azkenik, garraio publikoa izan du mintzagai. “Udan autobus zerbitzua jarri genuen martxan, eta horrelako zerbitzu bat jartzen denean erabiltzaile kopurua altua izaten da. Hala ere, egia esan, Atotxarrekan asko ari da kostatzen hori”, aitortu du.