Bederatzi palmondo lekualdatuko dira Anoetara eta Iztuetara
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, gaur amaituko da Urnietako haztegi batean bilduta zeuden bederatzi palmondo transplantatzeko operazioa. Ane Oyarbide Hiri Proiektuetako zinegotziak nabarmendu duenez, “palmondo horietako zortzi Anoetako urbanizazio berrian landatu dira, estadioaren eta miniestadioaren artean. Garabi handi bat erabili behar izan da, palmondoen pisua eta neurriak direla eta”. Bederatzigarrena, ordea, Iztueta inguruan kokatu dute.
Duela urte batzuk Groseko Lapurdi plazan egon ziren palmondoak dira, eta Zurriolako saneamendu kolektorea berritzeko lehen fasean kontserbatu ziren. Lan horiek amaitzerakoan, ordea, palmondo txikiagoak jarri ziren plazan, kolektorea berritzeko bigarren fase bat falta baitzen, baina oraindik ez dago finkatuta noiz egingo zen.
Anoetan egiten ari diren urbanizazio fasean, estadioaren atzealdean, Aitor Zabaleta Madrilen eraildako Realaren jarraitzailearen omenezko eskultura ere jarri dute. Azkenik, pasealekuan zehar erretxinarekin indartutako mikroaglomeratuzko zoru bat jarriko da, kolore gris eta txurian, eta horrek murriztu egingo du hasieran aurreikusitako aurrekontua eta obren errematea, udalaren arabera, datorren martxoan bukatuta egon baitaitezke.