Euskarazko soinu fikzioa sustatuko da Tabakaleran
Euskarazko soinu fikzioa sustatzeko Audiogile berriak egitasmoaren lehen deialdia aurkeztu dute Maite Goñi EITBko Audio eta Digitalaren zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak. Deialdiaren helburua da aurkeztutako lan guztietatik hiru proiektu onenen gidoilariei prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta laguntza finantzarioa eskaintzea. Epai mahaiak aukeratutako hiru proiektu onenak, bideragarritasun eta kalitate aldetik, garatu egingo dira gidoi bihurtu arte; eta proiektuetako bat hautatuko dute, 30.000 eurorekin ekoitzi EITBk zabaltzeko.
Tabakalerako ikus entzunezko laborategian hiru hilabetez lanerako lekua izango dute hiru proiektuen egileek. Horrekin batera 2.000 euroko diru laguntza izango dute proiektuak garatzeko, eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi izango dituzte Tabakaleraren kontura: lehenengoan gidoiaren idazketa eta narratiba berriak landuko dira sektoreko profesional ezagunen eskutik; eta bigarrenean prestakuntza teknikoan sakondu eta hainbat nazioarteko soinu ekoizpenaren arrakasta eredu ezagutu eta gonbidatuko dira. Prozesu horretan, halaber, Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren aholkularitza eta laguntza ere izango dute banakako tutoretzen bidez.
Izena emateko epea urtarrilaren 8ra arte egingo da zabalik eta 2024ko maiatzaren 19an emango du epai mahaiak hautatuaren horren berri.