Eusko Jaurlaritza prest dago udalari San Martin kaleko 48 zenbakidun eraikina emateko, kontserbatorioa handitzeko
Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza negoziaketetan ari dira, San Martin kaleko 48 zenbakidun eraikina udalari emateko, lehengo suhiltzaileen parkearen truke. San Martin kaleko 48 zenbakidun eraikina udalarena izatera pasatzen bada, toki horretan bertan handitu ahal izango dute Francisco Escudero Kontserbatorioa.
“Eusko Jaurlaritzak adierazi digu prest dagoela elkartrukatzeko. San Martin 48an Hirigintza Sailak duen egoitza hori Eusko Jaurlaritzarena da. Denbora baterako lagapena dauka, eta beraiek prest daude hori udalari emateko, suhiltzaileen eraikinean dauden solairu batzuen truke”, azaldu du alkateak. Suhiltzaileen eraikineko beheko eta lehenengo solairua emango lizkioke udalak Eusko Jaurlaritzari.
Hala ere, azaldu du kontu juridiko “konplexu” bat dagoela horren atzean, “bere denbora eskatuko duena”. Izan ere, San Martin 48ko egoitza hori ondare ondasun bat da, eta suhiltzaileen eraikina, aldiz, jabari publikoko ondasuna. “Bi ondasun elkartrukatzeko, bi ondasunek berdinak izan behar dute. Beraz, ziur aski, suhiltzaileen eraikina jabari publikokoa izatetik ondare ondasun bat izatera pasatu beharko dugu, elkartrukea egin ahal izateko”, jakinarazi du Goiak.
Edonola ere, Eusko Jaurlaritzaren aldetik bide horretan aurrera egiteko “konpromisoa” dagoela berretsi du.