Pertenentzia prozesuei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte, Joseba Sarrionandiarekin eta Estitxu Garairekin
Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza laborategiak Pertenentzia prozesuak eta Nazioa XXI mendean jardunaldiak antolatu ditu datorren asterako Donostian. “Nazio proiektu batekiko atxikimendu prozesuak nola garatzen diren eta zer prozesu sozialek egiten duten atxikimendua sortzera edo aldentzera aztertu nahi dugu”, azaldu dute. EHUko Ibaetako campuseko Carlos Santamaria aretoan egingo dituzte jardunaldiak, hilaren 22an, goiz osoko egitarauarekin. Izena emateko, tmelaborategia@gmail.com helbidera idatzi behar da.
09:15ean emango diete hasiera jardunaldiei, eta atxikimendu prozesuei buruzko teoria eta datuak plazaratuko dituzte 09:30etik 11:00etara, Julen Zabaloren eta Enara Eizagirreren esku hartze laburren bidez. Atsedenaldia egingo dute jarraian, eta 11:30ean errealitate berriak izango dituzte hizpide, Ane Larrinagaren, Edu Apodakaren, Arkaitz Fullaondoren eta Igor Kaltzadaren eskutik. Amaitzeko, 13:00etan, Estitxu Garaik eta Joseba Sarrionandiak itxierako gogoeta egingo dute.