Udaleko Hirigintza Saila Nobu hotelarekin elkarrizketak izaten ari da, hotela berriz zabaldu ahal izateko
Eneko Goiak adierazi du ez dakiela zenbat denbora beharko duten Nobu hotela berriro ere zabaltzeko. Donostiako Udalak Mirakontxa pasealekuko bost izarretako Nobu hotela ixteko agindua eman zuen pasa den astelehenean. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, azken asteetan egindako hainbat ikuskapenetan azken hilabeteotan egin diren lanetan araudia urratu dutela berretsi zuten. Hori horrela, astebetez itxita egon da establezimendua eta hala jarraituko du urraketa konpondu bitarte.
“Une honetan, udaleko Hirigintza Saila elkarrizketetan ari da beraiekin, hor dagoen arazoa delako lehen erabilerarako baimen hori eman ahal izateko baldintza batzuk bete behar dituela, eta hotelak ez dituela betetzen. Baldintza horiek bete arte, erabilera baimena ematea ezinezkoa izango da. Beraz, harremanetan daude ikusteko nola bete ditzaketen baldintza guztiak”, jakinarazi du Goiak.
Alkatearen arabera, hoteleko jabeek esaten dute uste zutela nahikoa zela komunikazio batekin, “baina hori ez da horrela”, zehaztu du: “Komunikazioarekin gero lizentzia lortu behar da. Beraiek komunikazio batekin zeuden, eta bazekiten gauza batzuk zuzendu egin behar zituztela. Ez ziren gauza larriak, segurtasun txostenak ondo zeudelako. Beraiek arazo horiek konpontzeko konpromisoa zuten, baina ez direnean konpontzen, ez dago lizentzia ematerik”.
Goiak nabarmendu du ez dakiela zenbat denboran luzatu daitekeen egoera hau, lizentzia lortzeko egin beharreko gauzak hotelak noiz egingo dituen ez dakielako. “Pentsatzen dut ahalik eta azkarren egiten saiatuko direla, baina ezin dut data zehatzik eman”, adierazi du alkateak.