Andratxen aurka jokatuko du Realak kopan
Buñol talde valentziarra garaitu ondoren, Realak badu aurkaria kopako hurrengo kanporaketarako: Andratx balearra. Espainiako Bigarren Federazio Mailako talde xumea da Andratx, eta abenduaren 5ean, 6an edo 7an jokatuko da neurketa, kategoria txikieneko taldearen etxean, Andratxen etxean, alegia.
Mallorcako Andratx herri txikiko (11.000 biztanle) taldea da txuri-urdinen aurkaria, eta 600 lagunentzako edukiera eta belar artifizialeko zelaia duen Sa Plana estadioan jokatu ohi du. Estadio horrek, ordea, ez ditu betetzen halako kanporaketa bat jokatzeko baldintzak —4.000 lagunentzako gutxieneko edukiera izan behar du—, eta, beraz, datozen egunotan erabakiko da non eta noiz jokatzen den partida.