Euskadiko Filmategiak Frantziako zinema eta hezkuntza arloetako 200 profesional hartu ditu Tabakaleran
Euskadiko Filmategiak Frantziako zinemaren eta hezkuntzaren sektorearekin lotutako 200 profesional baino gehiago hartu ditu gaur Tabakaleran. Rencontres nationales izeneko jardunaldia L’Archipel des Lucioles elkarteak antolatzen du, eta Frantziako Kultura eta Hezkuntza Ministerioek, CNCk (Zinemaren eta Irudi Animatuaren Zentro Nazionala) eta ANCTek (Lurraldeen Kohesioaren Agentzia Nazionala) laguntza jasotzen du. Horrela, Hezkuntza eta zinema programen ikastetxeetako koordinatzaileak, eskualdeko arduradunak, banatzaileak eta erakusleak Tabakaleran izan dira gaur arratsaldean.
15:30ean, Delphine Lizot koordinatzaileak moderatu duen mahai-inguru bat hasi da. Bertan, Anatole Arestegui (Pirinio Atlantikoetako Departamentua), Simon Blondeau (L’Atalante Zinema), Maitane Eyheramonho (Zukugailua), Xabi Garat (Le Select Zinema) eta Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategiko zuzendaria) izan dira. 17:00etan, Isabel Herguera zuzendariak bisita gidatua egin die Tabakaleran dagoen El sueño de la sultana erakusketara (urtarrilaren 7ra arte ikusgai dago); eta, ondoren zinemagile donostiarrak bere filma aurkeztu die (Irizar saria irabazi du Zinemaldiaren azken edizioan).
Joxean Fernandezen hitzetan, jardunaldi hauek “garrantzi handikoak dira Frantziako esperientzietatik ikasteko, zinemarako hezkuntzaren esparruan, euskal zinema berriena sustatzeko eta ikastetxeetan euskara hizkuntza zinematografiko gisa zabaltzeko”. Euskadiko Filmategia hainbat erakunderekin elkarlanean aritu da azken urteotan, euskarazko hainbat film (Amama, Handia edo Bertsolari) Iparraldeko eskola-saioetan proiektatu eta aztertzeko. Saio horietan milaka ikaslek hartu dute parte.