Mikel Laboaren «geruza» guztiak ezagutarazteko erakusketa aurkeztu dute
Bihotz handi batek ematen du ongietorria Okendo Kultur Etxeko aretoan, Mikel Laboak “fisikoki osasun arazoak eragin zizkion bihotz handiegia izateaz gain, halakoa zuelako ere barne mundua eta izaera”. Hala azaldu du liburua erakusketan moldatu eta komisariotza lanak egin dituen Miren Koro Camposek.
Mikel Laboaren heriotzaren hamabosgarren urteurrena aintzat hartuta, Mikel Laboa… Izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa aurkeztu dute gaur Okendo Kultur Etxean, euskal kulturan izan duen garrantzia azaldu eta donostiarraren bizitzako hainbat atal kontatzeko. Harkaitz Cano eta Unai Iturriagaren Ni ez naiz Mikel Laboa komikiko testuetan eta Josevisky ezizenez ezagutzen den Joseba Larretxe artistaren marrazkietan oinarritu den erakusketa da. Liburuan bezala, ohiko moldeetatik ihes egin nahi izan dutela azaldu dute, eta Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea erakusketan nagusi izatea bilatu dutela.
Joseviskyk azaldu duenez, bere bizitzako proiektu garrantzitsuena da, landutako artistaz gain, ibilbide luzeko lana izaten ari delako: “Esango nuke edozein marrazkilariren ametsa dela zure lana formatu handian eta erakusketa baten ikustea”. Harkaitz Canok, bestalde, Laboak zituen bi ardatzak ekarri ditu hizpidera, komikian egindako lana azaltzeko: “Solemnearen eta jostariaren arteko orekaren artean egindako lana dugu hau, baina askotan iparrorratz hori apurtu dugu beste ertz batzuk jorratzeko”. Komikiaz gain, garaiko kartelak, kontzertuetako sarrerak eta argazkiak bildu dituzte, baita Koldobika Jauregiren grabatuak eta Iñaki Olazabalen eskultura bat ere. “Komikietatik material asko bildu dugu eta jendeak erabateko prestutasuna adierazi du erakusketako materiala eskaintzeko”, azaldu du Camposek.
Koloreak eta bizitza pertsonala
Espazio artistiko horren sortzaileak, halaber, “jokatzeko erakusketa bat” dela adierazi du, eta koloreak baliatu dituztela artistaren bizitzako pasarte gozo eta gogorrenak islatzeko: “Maribel Bastidak ekarri zion kolorea bere bizitzara batik bat”. Azaldu duenez, urdina da nagusi itsasoarekin zuen harremana landu nahi izan dutelako, besteak beste. Nolanahi ere, askotariko koloreak agertzen dira Laboaren bizitzako pasarte garrantzitsuak aipatzerakoan: Gernikaren bonbardaketak eragin zion samina da nagusi erakusketaren hasieran, eta “osasun arazo kronikoaren paziente” zein mediku gisa bizi zituen hainbat esperientzia ere biltzen dira. “Medikuntzan eta musika munduan tartekatutako bizimodua da nagusi, baita Laborean unibertso esperimentala ere”, azaldu du erakusketaren arduradunak. Ildo horretatik abiatuta azaleratzen dira, esaterako, artistaren “beldur eszenikoa” eta psikiatra gisa lanean zebileneko “oihuek” artistarengan izan zuten eragina.
Erakusketak, halaber, Katalunian topatutako inspirazio iturriak, Ez Dok Amairu eta artista garaikideengan izan duen eragina uzten du agerian. “La Nova Cançó iturritik edan zuen bere bizitzako garai batean eta ondoren, artista belaunaldi berriek omendu dute euren estilo propioarekin”, zehaztu du Camposek.
Erakusketarekin batera, hainbat egitasmo antolatu ditu Donostia Kulturak artistaren inguruan egindako lana hobeto ezagutzeko. Azaroaren 22an, komikian parte hartu duten hiru artistek Ni komiki bat naiz! Mikel Laboa iruditan euskarazko solasaldia eskainiko dute komikiaren esperientziari buruz aritzeko. Abenduaren 12an, bestalde, Josevisky ilustratzaileak komikian eta erakusketan erabilitako materiala ekarriko du hizpidera.