Mugimendu feministak elkarretaratzea egin du Tabakalera aurrean, Zainketei buruzko lehen Euskal Biltzarraren harira
Tabakaleran Zainketei buruzko lehen Euskal Biltzarra egiten ari dira gaur eta bihar, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak antolatuta. Zainketen aldeko euskal itun baterantz aurrera lelopean antolatu dute biltzarra, eta inaugurazioan, Iñigo Urkullu lehendakariak zainketen euskal eredu bat eraikitzeko elkarrekin lan egiteko eskatu du. Ordea, mugimendu feministak elkarretaratzea antolatu du biltzarra hasi baino lehen, Tabakalerako sarreran, eta hamarnaka lagunek egin dute bat deialdiarekin.
Zaintza eskubide kolektiboaren alde! Azaroak 30 greba feminista orokorra zioen pankartaren atzean bildu dira bertaratutakoak. Ertzainek albo batean jartzeko eskatu diete, eta hesi bat egin dute beraien aurrean, Tabakalerara sartu ez zitezen. Hala ere, elkarretaratzearekin bat egin duten kide batzuk Tabakalerara sartzea lortu dute Biltzarra hasi baino lehen, eta euren aldarrikapenak ozen oihukatzen hasi direnean, kanporatu egin dituzte. Kanpoan zituzten zain elkarretaratzea egin dutenak, eta txalo artean hartu dituzte ekintzaile horiek.
Denak elkartu direnean, hainbat aldarrikapen egin dituzte. 2018ko eta 2019ko greba feministak “mugarri” izan zirela adierazi dute, mugimendu feminista orain dagoen lekuraino iritsi ahal izateko. “Zaintzaren inguruko aldarriak ez dira berriak gure aldarrietan, eta zehazki, azken hiru urteetan egindako prozesua oso garrantzitsua izan da eta izaten ari da. Herriz-herri, auzoz-auzo, herri mailako asanbladetan zein asanblada nazionaletan, asanblada feministetan eta lehen aldiz sortu ditugun espazio mistoetan ari gara antolatzen”, nabarmendu dute mugimendu feministako kideek.
Ondoren, adinekoen egoitzako langile batek hartu du hitza, eta azaldu du urteak daramatzatela zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde borrokan. “Borroka honetan askotan bakarrik sentitu garen arren, balioa ematen diogu mugimendu feministak eztabaida erdigunean jarri izanari, eta gero eta jende gehiagok aldarrikapen horrekin bat egiteari”, adierazi du.
Gaineratu du egoitzetako langile eta zaintzaile askok ezingo dutela Azaroaren 30eko greban parte hartu, lanean egon beharko dutelako. Aldarrikatu du egun hori aprobetxatu behar dela “zaintzarekin egiten ari diren negozioa salatzeko”: “Gaur egun, egoitza gehienak irabazi asmoa duten enpresa pribatuen esku daude. Sektore feminizatua eta arrazializatua gara, era prekarioan bizitzera kondenatuak. Langile guztien artean, erdiak baino gehiagok lanaldi partzialak ditugu, lan karga jasanezina eta erabateko disponibilitatea. Hori guztia erakunde publikoek zuzenduta dago, eta irabaziei lehentasuna ematen zaie zaintzari baino lehen”.
Hori dela eta, Azaroaren 30eko grebarekin bat egitera deitu du gizartea mugimendu feministak, zaintzarekin ezin dela negoziorik egin aldarrikatzeko. Aldarrikapenen ostean, Tabakalerara sartzen saiatu dira elkarretaratzea egin dutenak, baina ertzainek hesia egin dute berriro ere, barrura ez pasatzeko. Ez da aparteko arazorik izan, eta elkarretaratzeko azken ekintza gisa, lehendakariaren irudia zeraman pankarta handi bat zintzilikatu dute Tabakalera aurrean, Urkullu utzi zaintza pribatizatzeari zioena.
Jarraian, elkarretaratzeko irudiak ikus ditzakezue: