Nazioarteko 550 adituk gizarte ekonomiaren balioa jarri dute
Donostia, Bordele, Tsukuba, Estrasburgo eta Torres Vedras hirietako alkateek balioan jarri dute Gizarte Ekonomiaren ekarpena

Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak antolatuta, Gizarte Ekonomiaren Europako Konferentzia egin da egunotan Donostian, Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren jarduera programaren baitan. Nazioarteko 550 aditu elkartu dira Kursaalean, eta jardueren artean, Donostiako Udalak, Estrategia Bulegoaren bidez, antolatutako Hiriak eta gizartea: Tokiko buruzagien nazioarteko topaketa saioa nabarmendu da.
Solasaldian hartu dute parte Donostiako, Bordeleko (Frantzia) eta Tsukubako (Japonia) alkateek eta Estrasburgoko (Frantzia) eta Torres Vedraseko (Portufal) alkateordeek Agintariek Gizarte Ekonomiak beren hirietan izandako eragina azaldu dute, eta tokian tokiko arrakasta kasuak partekatu dituzte, “enpresa eredu kolektibo, demokratiko eta solidario hau sustatzeko eta ikusarazteko helburuarekin”.
Eneko Goia Donostiako alkateak hartu du hitza, eta gizarte ekonomiak hirian duen garrantziaren berri eman du lurraldeko “entitate nagusiei” aipamena eginez, hala nola, Gureak enpresa taldea, Emaus Gizarte Fundazioa, Tecnalia Fundazioa eta Mondragon Korporazioa. “Eredu kooperatiboaren erreferentea gara, industria dentsitate handiduna. Enpresa eredu kooperatiboetan tradizio luzea dugu, eta gizarte ekonomiaren balioak oso errotuta daude gure gizartean”. Horren adibide dira enpresa kultura berri bat sustatzen duen Fabrika proiektua eta gazteen artean ekintzailetza kooperatiboa bultzatzen duen Mondragon Unibertsitatea.
Bordeleko alkate eta Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroko presidente Pierre Hurmicek, bestalde, erronka klimatikoaren alorrean Bordeleko Udalak duen berezitasunean jarri du arreta: “Gure ordezkari politiko guztiek erronka horri erantzuteko erantzukizuna dute”. Gainera, hiriko Garapen Agentziaren estrategia aldatu dute, eta lurraldeko baliabideak eta enpresak erakartzen dituen “iman hiria” izatetik, lankidetzan aritzen den eta ikuspegia partekatzen duten enpresei soilik harrera egiten dien udalerria izatera pasa dira.
European Social Economy Awards
Topaketa bera eta Gizarte Ekonomiaren alorreko europar zein tokiko eragileek antolatutako jarduera paraleloak bukatutakoan, Konferentziaren azken ekitaldia ospatu da: European Social Economy Awards sarien banaketa ekitaldia. Saioa Tabakaleran egin da, eta bertan izan dira Gizarte Ekonomiako sektoreko profesionalak eta erakunde nagusietako ordezkariak. Sariak, hain zuzen, Gizarte Berrikuntzaren, Trebetasunaren, Trantsizio Berdearen eta Digitalizazioaren alorretan lan egin duten eragile zein enpresa europarren lana aitortzeko helburua dute. Informazio gehiago Gailurraren webgunean.