Tutoretzapean dauden adingabeentzako familia berriak aurkitu nahi dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan garatzen den Izeba programak hamalau urte bete ditu aurten, eta hogei familia berri gehitu nahi ditu boluntario sarera. Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Izeba proiektuko arduraduna den Kristina Soaresek Izeba programaren baitan antolatu den kanpaina.
Datozen hilabeteetan zehar garatuko diren egitasmoekin hogei familia boluntario berri erakarri nahi dituzte. 8-17 urte arteko haur eta nerabeentzako osaba-izebak behar dira, hauetako batzuk behar berezidunak: inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileak edo desgaitasunen bat dutenak kasu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden eta egoitza harreran bizi diren adin txikikoei bideratutako programa da, non familia boluntarioek osaba eta izeba figura bezala laguntza eskaintzen dieten, familiako beste kide bat bezala.
Gaur egun, tutoretzapeko 415 adin txikiko bizi dira egoitza harreran Gipuzkoan, eta 349 familia harreran. Hamalau urte hauetan 300 familiatik gora hartu dute parte Izeba programan; 2023an zehar, adin txikiko eta boluntario arteko 87 harreman tutorizatu dira Izeba proiektutik eta programaren baitan harremandu eta egun adinez nagusi diren 145 bikote baino gehiagok ere mantentzen dute harremana. Nahiz eta hamalau urte daramatzan martxan programa honek, “erabat berritzailea” izan dela azpimarratu du Peñak, “eredu bezala hartu izan dena gure inguruan, emaitza oso onak ematen dituena gainera”.
Hitzaldiak eta testigantzak
Bere aldetik, Kristina Soaresek azaldu du pixkana hazten ari den programa dela Izeba, baina gaur aktibatu den kanpainaren bidez, familia gehiago erakarri nahi direla. Horretarako, hainbat egitasmo antolatu dira datozen hilabeteetarako. Soaresek gaineratu du edonor izan daitekeela boluntario, euren denbora librea modu boluntarioan partekatu nahi duen edonor, seme-alabak izan ala ez, eta atzetik Baketik fundazioak boluntario guztiei sostengu jarraitua eskaintzen diela, zalantzak argitzeko edota adingabekoarekiko harremanaren inguruan aholkatzeko.
Datozen egunetan bi hitzaldi egingo dituzte, boluntario izateko interesa duten pertsonentzat. Lehenengoa, azaroaren 20an izango da, 18:30ean, Donostiako Gaztegunean (Anoeta Pasealekua 28). Bigarrena, aldiz, azaroak 29an izango da, Arrasateko KulturAten.