Euskarara sarbidea «erraza, doakoa eta ludikoa» izateko Auzoko egitasmoa martxan jarri du Bagerak
Bagera elkarteak AUZOKO programa jarri du berriz ere abian, besteak beste, hirira iritsi berrien artean hizkuntza gaitasunak lantzen joateko. “Euskara, Aniztasuna eta Herritarrak gako nagusi bezala harturik, jatorri ezberdinetako herritarren artean guztien arteko komunikazio eta kohesiorako hizkuntza euskara izatea da erronka nagusia”, azaldu dutenez. Egitasmoan bi profil aurreikusten dira: auzotarrak (euskal hiztunak) eta auzokideak (euskaraz ez dakitenak).da.
Horretarako, herritarrak biltzen ditu egitasmoak astean bi aldiz, euskaratik gertu bizi direnak, eta euskaratik urrun bizi direnak, hainbat dinamika eta jolas baliatuz euskaraz aritu, elkar ezagutu eta ondo pasatzeko.
“Euskarara hurbildu nahi duen norbanakorik ezagutzen baduzue, Auzoko egitasmoa da aukera”, dei egin dute Bagera elkartekoek. “Elkarrekin euskarazko oinarrizko hitz eta esaldi motzak landuko dituzte, euskarazko harreman berriak egin, herriko kultura eta ohiturak ezagutu eta haien hizkuntza eta kultura eta ohiturak partekatzeko gunea izango dute”.
Gaur egun, bi talde daude: bata astelehenetan, 18:00etatik 19:30era eta bestea, ostegunetan, goizeko 11:00etatik eguerdiko 12:30era. Bi saioak Bagera elkartearen bulegoan izango dira (Hernani kalea, 15). Saioak doakoak dira eta edozein gerturatu daiteke bertara. Hurrengo ostegunean hasiko dira taldeekin, azaroak 23an.
Hona hemen iazko egitasmoan parte hartu zuen Magnolia Vibasen bizipenak.


