Astelehenean abiatuko dute Hiritar Merezimenduaren Dominak aukeratzeko prozesua
Donostiako Udalak astelehenean (hilak 20) abiatuko du 2024ko San Sebastian egunaren bueltan banatuko dituen Hiritar Merezimenduaren Dominak nortzuk jasoko dituzten erabakitzeko prozesua. Horrela, astelehenetik abenduaren 3ra bitarte, Donostian erroldatuta dauden herritarrek proposamenak aurkeztu ahalko dituzte, udalaren webgunearen bidez. Era berean, Internet bidez proposamena egiteko zailtasunak izanez gero, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoetan laguntza jasotzeko aukera eskainiko du udalak.
Epea bukatzen denean, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza Zerbitzuak proposamenak aztertuko ditu, abenduaren 4tik 15era. Txostenak udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko dituzte ondoren, eta batzordeak gehienez bost hautagai aukeratuko ditu, abenduaren 15etik 18ra. Bozketa amaituta eta prozesua egiaztatuta, udalak abenduaren 18an jakinaraziko du dominak nortzuk jasoko dituzten.
Urrezko Danborra
Urrezko Danborrari dagokionez, hautagaitzak aurkezteko epea igande honetan (hilak 19) amaituko da, eta proposamenak udalaren webgunean egin daitezke.