Bi pertsona atxilotu dituzte Donostian, asilo eskatzaileei iruzur egitea leporatuta
Bi pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak Donostian, asilo eskatzaileei iruzur egitea leporatuta. Ustez, gutxienez bederatzi asilo eskatzaileri 700 eta 2.100 euro artean kobratu zizkieten atxilotuek, horrela asiloa eskatzeko zita azkarrago lortuko zietela aginduta. Azaroaren 14an egin zituzten atxiloketak.
Bigarren Atzerritartasun Talde Operatiboko ikertzaileek abiatu zuten ikerketa, asilo eskatzaile batek esan zienean 800 euro ordaindu zituela zita lortzeko —izapidea doakoa da—. Ikerketan, jakin zuten gutxienez beste zortzi biktima zituela iruzurrak, eta abokatu bat eta bere kide bat zeudela horren atzean.