Bizikidetzaren aldeko astea
2023/24ko ikasturte hasiera aprobetxatuz, irailaren 11tik 13ra bitartean ikastetxeko elkarbizitza hobetzearren, irakasle zein ikasleok elkarlanean jardun dugu, elkarbizitza osasuntsuago bat izan dezagun gure ekarpena egiteko asmoz.

Hiru egunetan, lau ikastaldetan hainbat jarduera garatu ditugu: taldea ezagutzera eta kohesioa bilatzera bideratutako dinamikak burutu ditu, baita jokabide desegokien ondorioei buruzko sailkapena eta hausnarketa egitera bideraturikoak ere. Gatazkaren, tratu txarraren eta jazarpenaren ezaugarriei buruzko azalpena jaso genuen, eta jazarpen kasuak eman direnetan hauek komunikabideetan izan duten tratamendua aztertu dugu. Bizikidetzaren alde, gutariko bakoitzak konpromiso batzuk hartu zituen eta idatziz jaso genituen. Amaitzeko, jardunaldi horietan landutakoari buruzko adierazpen artistikoak euskarri grafikoetan egin genituen. Esperientzia oso ona izan da, eta ziur gaude jardunaldi hauetatik atera diren hausnarketek ikastetxeko bizikidetza hobetzen lagunduko dutela. Gure ikaskide baten iritzia jakitearren, elkarrizketa labur bat egin diogu, eta jarraian irakur dezakezue:
Ikasturtea esperientzia honekin hastea interesgarria izan al da?
Bai, behintzat, zerbait desberdina izan da. Arazoak daudenean hitz egiten dugu gauza hauetaz, eta ongi egon da hasieratik pisua eta garrantzia duela nabarmentzea.
Elkarbizitza arazo bat da?
Ez, arazo bat ez, baina askotan egoten dira liskarrak eta ez dakigu ongi nola kudeatu.
Zer ikasi duzue aste honetan?
Ba, nora jo, zer alternatiba dauden eta, batez ere, gutariko bakoitzak zer behar dituen guztien aurrean azaltzeko aukera izan dugu. Gutxitan izan dugu ongi edo gaizki sentiarazten gaituzten jokaerak ozen eta modu asertiboan adierazteko aukera.
Beraz, uste duzu urtero errepikatu beharreko ekimena dela?
Bai. Baita ikasturtean zehar ere, elkarbizitzari eskainitako egunak zehaztea interesgarria dela deritzot. Egia da gure eskolan garrantzi handia ematen zaiola, baina, hala ere, askotan eguneroko erritmo biziarekin ez da batere erraza.
Zuk zeuk, izan al duzu inoiz elkarbizitza arazorik?
Ba, denok bezala… Zuzenean nik ez dut jazarpenik jasan, baina ikusi ditut beste ikasle batzuek jasan dituzten errespetu faltak. Ikusleen rola zein garrantzitsua den azaldu digute, horren inguruan gogoeta egin dugu, eta uste dut iraganean horrelako jokaerak ikusi ditudanean ez dudala modu egokian jokatu. Beste egoeraren bat ikusten badut, modu ausartagoan jokatzea espero dut.