Donostiako merkataritzak hamar saltoki saritu ditu
Donostiako Merkataritzako Sarien zazpigarren edizioa ospatu da Maria Cristina hotelean, tokiko saltokiek beren egunerokoan egiten duten lana aitortzeko. “Donostiarrentzat erakargarria” izan ez ezik, “bisitatzen gaituztenentzat” ere bereizgarria dela adierazi du Eneko Goia Donostiako alkateak. Aurten, ondorengo saltotiak saritu zituzten: Koloreka, Green Meet Carnicería Vegana, La Jabonería de Matía, Kurmi Kids, Pin Up Coffee, Calzados Larratxo, Calzados Miracruz, Pastelería Casa Otaegui, Calzados Tello y Casa Ponsol.
Marisol Garmendia Ekonomia eta Enplegu zinegotziak nabarmendu du, Donostiako merkataritza txikia sektore estrategikoa dela, eta aurrera egiten jarraitzen duela pandemia batek eta gatazka armatuek sortutako inflazioaren ondoren. “Merkataritzak 10 enplegutik ia 1 sortzen du Donostian. 8.500 lanpostu baino gehiago dira, hiriak sortzen dituen lanpostu guztien % 8,9”. Era berean, udalerriaren mugak gainditzen dituela adierazi du, “Donostialdeko merkataritzaren % 65 eta Gipuzkoa osoaren % 30 hartzen baitu”. Horiek horrela, Garmendiaren arabera, ” ez da gehiegizkoa esatea gure tokiko merkataritza ere estrategikoa dela lurraldearentzat, bere merkataritza erbitzuen herena delako”
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, bestalde, hurbileko merkataritzaren garrantzia jarri nahi izan zuen erdigunean: “Egungo munduan, globalizazioak eta digitalizazioak aurrera egiten jarraitzen dute, eta ez dugu ahaztu behar gugandik gertu dugunaren benetako balioa. Tokiko merkataritza inoiz baino garrantzitsuagoa da, eta kontsumitzaile garen aldetik, jakin behar dugu gaur hartzen ditugun erabakiek erabakiko dutela eraiki nahi dugun gizartea”.
Sariak lau modalitatetan banatu dira: ‘Merkataritza ibilbidea’, historia eta ibilbide sendoa duten saltokiak omentzeko; ‘Saltoki sortu berria’, bost urteko edo gutxiagoko antzinatasuna duten saltzaile berrien lana aitortzeko; ‘Saltoki jasangarria’, ingurumen eta jasangarritasun irizpideak jarraitu eta hondakinen kudeaketaren lanketa sakona egiten dutenentzako; eta azkenik, ‘Saltoki berritzailea’, berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duten saltzaileentzako.