Esku hartze sozialeko langileek «konpromisoa» eskatu diote aldundiari
Esku hartze sozialeko ehunka lagun mobilizatu dira Gipuzkoako Foru Aldundiari hitzarmen sozialean “konpromisoak har ditzan” eskatzeko. ELA, LAB eta CCOOk deituta, manifestazioa egin dute erdialdeko kaleetatik, eta ondoren foru aldundiaren egoitzan sartzen saiatu dira, euren aldarrikapenak bertan entzun zitezen. Eraikineko segurtasun agenteek, baina, ateak itxi dituzte eta manifestariak eserialdi bat egin dute, eraikinaren atarian.
Langileek azaldu dutenez, urtebete daramatzate administrazioarekin eta patronalarekin Gipuzkoako esku hartze sozialeko hitzarmena negoziatzen, baina beharginen eskaerak entzun gabe jarraitzen dute. Xabier Leonet ELAko ordezkariaren hitzetan, “langileek beharrezkoa dute eros ahalmena mantentzea eta bermatzea ” eta, era berean, gipuzkoarron zerbitzua hobetu dadin, neurriak hartu behar ditu aldundiak: ratioak hobetu eta erretiro partzialak ahalbidetu, besteak beste. Duela bi aste izan zuten azken bilera, eta sindikatuen ordezkariek azaldu dutenez, ez zuten inolako konpromisorik ikusi aldundiaren aldetik: “Foru Aldundiak eskuak garbitu zituen negoziazioa sindikatu eta patronalaren artekoa izanik, negoziaketa baldintzatzerik ez zutela adieraziz”. Are gehiago, CCOOko ordezkari den Oihana Martinezek barregarritzat jo du aldundiak mahai gainean jarritako eskaintza: ” KPIa igotzea proposatu zuten: %3 2023an, eta %4 2024an. Baina ez da nahikoa, 2022an %5,4an zegoen eta”.
Hona hemen mobilizazioko irudiak:
Horren aurrean, eta etorkizun laburrean akordiorik izango ez dutela aurreikusita, mobilizazioekin jarraituko dutela baieztatu du LABeko ordezkari Eñaut Alvarezek: “Gaurko irudia oso indartsu izan da, ehunka langile bildu baitira goizean deitutako mobilizaziora. Horrenbestez, aurrerapausorik egon ezean, grebak edo bestelako mobilizazio indartsuak egingo dira”. Era berean, duela hilabete hasitako sinadura bilketarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute.