«Hilekoak, berez, ez du minik eman behar»
Larraitz Amezaga del Fragok (Parte Zaharra, 1990) 'EndoFeliz. Por una vida plena y satisfecha con endometriosis' liburua idaztea erabaki zuen endometriosia diagnostikatu ziotenean. Amezagaren ustez, askoz ere ikerketa gehiago behar da gaixotasun horren inguruan, eta liburua euskaratzeko diru bilketa bat abiatu du Verkami plataforman.

Noiz jakin zenuen endometriosia zenuela?
Diagnostikoa 29 urterekin jaso nuen, sintomekin hasi eta hamazazpi urte beranduago.
Zer sentitzen zenuen diagnostikoa jaso baino lehen?
Nire kasuan, gaixotasun progresiboa izan da, eta kasu gehienetan horrela izaten da. Betidanik oso hileko mingarriak izan ditut, odol asko botatzen nuen, eta egun asko irauten zidan. Gero, obulazioan ere mina izaten hasi nintzen, sabela asko puzten zitzaidan eta hantura handia izaten nuen. Hanketako eta bizkarreko mina ere izaten nuen, eta sexu harremanetan ere mina sufritzen hasi nintzen. Azkenean, egun batean, min handia nuen aldaka aldean, eta ezin nintzen oso ondo tente jarri. Kiste handi bat aurkitu zidaten ezkerreko obulutegian, eta min handia nuenez, ebakuntza txiki baten bidez kenduko zidatela esan zidaten. Ordea, ebakuntza hartatik esnatu nintzenean, nabaritu nuen zerbait gehiago egin zidatela, eta zirujauak esan zidan endometriosia aurkitu zidatela, organo guztiak beraien artean pegatuta nituela, eta endometriosiagatik egin zidatela ebakuntza.
Zer da ebakuntzan egiten dizuetena?
Endometriosia da endometrioa umetokitik kanpo edukitzea. Horren ondorioz, itsaspenak izaten dituzu. Horrez gain, kisteak izan ditzakezu, endometriomak izenekoak. Nire kasuan, endometrioma bat neukan ezkerreko obulutegian, eta itsaspenak neuzkan umetoki kanpoan, maskuri kanpoan, hesteetan, ondestean, eta pelbisaren eremu guztian. Askotan, organoak ere itsatsita egoten dira. Gradu desberdinak egoten dira, eta egia da gradu altu batek edo baxu batek ez duela eragina minean. Hau da, izan dezakezu lehenengo gradua eta min asko, eta laugarren gradua eta oso min gutxi. Beste emakume batzuk, ordea, asintomatikoak dira, eta diagnostikoa izaten dute haurdun gelditzen saiatzen ari direnean eta ezin dutenean, eta proba sakonagoak egiten dizkietenean.
Zergatik jaso zenuen diagnostikoa hain berandu?
Txikitatik amak medikura eramaten ninduen hileko mingarriengatik. Medikuek beti esaten dizute ibuprofeno, nolotil edo horrelako sendagairen bat hartzeko, eta, bestela, pilula antikontzeptiboak hartzeko, horrek beti laguntzen duelako hilekoak hain mingarriak ez izaten. Horrez gain, sintoma guztiak konektatu ordez, sintoma bakoitzarentzat espezialista desberdinengana bidaltzen ninduten, eta horrela, dena ondo zegoela esaten zidaten. Diagnostikoa jasotzeko batez besteko denbora zortzi eta hamar urte artean dago, eta nirea pixka bat gehiago luzatu zen. Horren arrazoia da, nire ustez, normalizatuta dagoela hilekoak mina egiten duela.
Jende askok pasatzen du gaizki hilekoarekin. Hala ere, hilekoak ez luke minik eman behar, ezta?
Hori da. Hilekoak mina ematen badu, beti dago zerbait atzean: estresa bera izan daiteke, edo edozer gauza. Baina, berez, ez du minik eman behar. Guk normalizatuta dugu min hori, eta agian emakume askok ez dute laguntza eskatzen beraiek min hori normalizatuta dutelako.
Jakinda endometriosia egon daitekeela min horren atzean, noiz egon behar dugu adi?
Lehenengo hilekotik egon behar gara adi. Azkenean, niri hasieratik diagnostikatu izan balidate, ziur aski ez nuke egin zidaten ebakuntza behar izango eta gaixotasuna hain garatuta edukiko. Egia da mina baldin baduzu, agian ez duzula endometriosia, obulu polikistikoa edo beste zerbait ere izan daitekeelako. Diagnostiko goiztiarrak beti lagunduko dizu, beraz, nire ustez, lehenengo hilekotik egon behar da adi.
Zenbat jenderi eragiten dio endometriosiak?
Oraindik ikerkuntza asko behar dugu, baina dakigunez, munduan, hamar emakumetik batek pairatzen du endometriosia. Diagnostikoa ematen tardatzen duten denbora tartearen batez bestekoa ere mundukoa da, arazo globalizatua delako.
Kontzientzia faltak eragiten du diagnostikoaren atzerapena?
Bai. Faktore sozialari dagokionez, oraindik ez dugu barneratu hilekoak ez duela minik eman behar. Gainera, oraindik ere tabu da hilekoaz hitz egitea, eta emakume askori lotsa ematen die. Horrez gain, ez dago endometriosia diagnostikatzen dakien profesional asko. Askoz ere formakuntza eta ikerketa gehiago behar da, oso ikerketa gutxi dagoelako emakumearen gorputzaren eta zikloaren inguruan. Eta are gutxiago horrekin lotutako gaixotasunei buruz.
Zein tratamendu duzu gaur egun?
Endometriosiak ez dauka sendabiderik, baina hainbat tratamendu daude. Tratamendu medikuei dagokienez, orain saiatzen ari dira ebakuntza bakarra egiten emakume bakoitzari. Emakume batzuei zazpi ebakuntza egin dizkiete, eta azkenean, ez da konponbide oso ona izaten. Bestalde, gaixotasuna kontrolatzeko, tratamendu hormonalak daude; progestina soilik dutenak, edo konbinatuak, betiko pilula. Hormonala ere izan daiteke, umetoki barneko gailua (UBG). Nik denak probatu ditut, eta orain UBGarekin nago. Tratamendu hormonalek ondorio desberdinak dituzte emakumeen gorputzean, eta beraz, bilatzen nabil ea zein den tratamendu onena niretzat. Zeinek funtzionatzen duen hoberen begiratu behar dugu, eta zeinek konpentsatzen digun gehien.
Horrez gain, medikuarenak ez diren beste terapia batzuk ere egin daitezke: estrogeno baxuko elikadura mantentzea —horrek asko laguntzen du—, akupuntura edo fisioterapia pelbikoa, besteak beste. Baina tratamendu horiek ordaintzeko dirua gure poltsikotik irteten da, eta oso garestiak dira.
Jendeari gai honen inguruko informazio gehiago emateko asmoz, EndoFeliz proiektua sortu duzu. Zertan datza proiektu hori?
Diagnostikoa eman zidatenean, Interneten informazioa begiratzen hasi nintzen. Ikusi nuen ez zegoela informazio asko eta zegoen informazioa oso sakabanatuta zegoela. Horrez gain, EndoEuskadi elkartearekin harremanetan jarri nintzen, eta Facebooken ere endometriosia duten emakumeen hainbat taldetan sartu nintzen. Oso kate polita dago bertan, baina ohartu nintzen emakume askok nik baino lehenago jaso zutela diagnostikoa, baina nik baino gutxiago zekitela gaixotasunari buruz. Beraz, niretzat gordetzen ari nintzen informazio guztiak liburu itxura hartu zuen, eta liburua martxoan argitaratu nuen, gaztelaniaz, aurkitu nuen informazio guztia gaztelaniaz zegoelako.
Liburua argitaratzeaz gain, Youtuben zure kanala duzu, eta blog bat ere bai Interneten.
Bai. Liburua argitaratu baino lehen, bideo batzuk igo nituen Youtubera, neure burua aurkezteko. Gainera, gaixotasun hau nahiko bakardadean eramaten da, emakume asko oso bakarrik daude, eta adierazi nahi nien ez daudela bakarrik, eta askori gertatzen zaigula berdina. Horrez gain, Instagramen ere kontu bat ireki nuen, endometriosia zer den jakitera emateko eta gaixotasuna pairatzen duten emakumeei pixka bat laguntzeko.
Orain diru bilketa bat jarri duzu martxan, liburua euskaratzeko. Nola lagundu dezake jendeak?
Diru bilketa bat zabaldu dut Verkami plataforman, EndoFeliz liburua euskarara itzuli ahal izateko. Hilekoaren inguruko oso liburu gutxi daude euskaraz, eta are gutxiago endometriosiari buruz. Beraz, iruditzen zait nahiz eta gaixotasun hau ez izan, euskara bultzatzeko ere aukera polit bat izan daitekeela. Horretarako, plataforman hainbat sari daude, eta hamar eurotik gora, bakoitzak nahi duen laguntza eskaini dezake. Horren truke, hainbat sari eskuratu daitezke.