Tabakalerako langile ugari Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizatzen ari dira
Tabakaleran dauden hainbat erakundetako langileek Tabakalerako Bizilagunak egitasmoa sortu dute “Palestinako sarraskiaren aitzakian”, eta helburu gisa dute “justizia sozialeko gaien inguruan (berdintasuna, arrazakeria, euskara, feminismoa…) eztabaida eta hausnarketa sustatu eta ekintza ezberdinak antolatzea”. Horrela, ostiralero elkarretaratzeak egiten ari dira Tabakaleraren kanpoaldean (12:00).
Argi salatu dute Palestinako genozidioa: “Ekialde hurbilean 75 urte baino gehiago daramatzan gatazkak milaka pertsonaren heriotza ekarri du, guztiak mingarriak. Baina azken asteotan Israelgo Estatua Gazan egiten ari dena hitz bakarrarekin deskriba daiteke: genozidioa. Israeleko armadak jadanik 10.000 palestinarretik gora erail ditu, horietatik 4.000 haurrak”.
“Tabakalera Euskal Herriko kultura garaikidearen nazioarteko zentroa izanik, eta kulturgintza injustiziak salatzeko eta jendartea hobetzeko tresna gisa ulertzen dugunez, Tabakalerako ekosistema kulturaleko entitate, erakunde, eta elkarte ezberdinetako langileok ozen salatu nahi ditugu Israelgo Estatua burutzen ari den gerra krimenak, eta gure elkartasuna adierazi nahi diogu Palestinako herriari”, gaineratu dute. Era berean, “Tabakalerako ekosistema osatzen duten erakundeak” deitu dituzte “injustizia honen aurrean publikoki posizionatzera eta hitzetatik ekintzetara pasatzera”-