Donostiako Mugimendu feministak grebara deitu du «zaintza sistema eraldatzeko»
Donostiako mugimendu feministako dozenaka lagunek azaroaren 30eko greba feminista aurkeztu dute Amarako Easo plazan. Azaldu dutenez, “zuriketa” lanetan dabiltzan erakunde publikoak ez bezala, feministek “hausnarketa eta mobilizazio” prozesu bat egin dute urteetan, zaintzaren eskubide publiko eta kolektiboa bermatzeko. Bide horretan lan handia dutela jakitun, salatu dute Donostiako Udaletik “ez dela zaintza beharrei erantzuteko nahikoa baliabide publiko jartzen”.
Zaintza lanak erdigunean
Mugimendu feministaren agerraldian adierazi dutenez, zaintza lanetako zerbitzuak azpikontratatzeko eta pribatizatzeko joera nagusia da hirian: “Donostian ez dago erresidentzia publikorik. Diputazioarenak direnak eta pribatizatuta dauden hemezortzi helduen egoitza daude, eta guztiz pribatuak direnak zortzi dira”. Hori horrela, gaineratu dutenez, erresidentzietako langileen lan baldintza duinak eta erabiltzailearen arreta ez dira errespetatzen. Era berean, udalaren etxez etxeko laguntzako langileen zerbitzua soilik publikoa izatea eskatu dute, erresidentzietako zerbitzua ez ezik, azken hauek ere bestelako enpresa batzuen bitartez azpikontratatzen dituztelako: “Errealitatea da zaintza sistema hau emakume* migratzaile eta arrazializatuek sostengatzen dutela, zaintza donostiar zurien pribilegio baita”.
Mugimendu feministaren aburuz, halaber, erakunde publikoetatik bultzatutako “politika familistek” emakumeen gain utzi dute zaintzaren ardura. Azaldu dutenez, “ez zaio inolako aitortzarik egiten” eta bizitzaren garestitzea baliatuta, emakumeen prekarizazioa eta arrakala bultzatzen duen sistema iraunarazten dute: “Neska* gazteok umeak zainduz zaintza lanaz arduratzen gara. Halako lanak ez dituzte gizonek egiten”.
Greba, kartzelan
Greba deialdiaren atarian, preso dauden emakumeek* jasaten duten zapalkuntza ekarri dute hizpidera, kartzela barruan ere egindako lana aitortzeko: “Martuteneko kartzelaren barrualdetik greba sustatzeko egiten ari diren ahalegina eskertu nahi diegu”. Txalo zaparrada artean, elkartasun besarkada helarazi nahi izan diete.
Azaroak 30
Mugimendua feministak azaldu duenez, honako deialdiak izango dituzte Donostian:
Goizean mobilizazioak izango dituzte, 27 industrialdean (07:00etan) eta Amara Berriko Antso Jakituna hiribidean (09:30ean). Horrez gain, auzoz auzo greba batzordeek deialdiak izango dituzte, eta ondoren Zaintzarekin negoziorik ez lelopean mobilizazio bateratua egingo dute udaletxetik (12:30ean). Bazkal orduan (14:30ean) Gipuzkoa plazan elkartuko dira elkarrekin bazkaltzeko, eta arratsaldean (16:30ean) Gipuzkoa plazatik Antiguara egingo dute txangoa. Iluntzean, manifestazioa abiatuko dute (18:00etan) Antiguako tuneletik, eta festa giroarekin bukatuko dute greba eguna.