Egian, greba feministara deitu dituzte auzotarrak
Kalejira bat eginaz, Egiako Asanblada Feministak azaroak 30eko greba orokor feministan bat egitera gonbidatu zituzten bart arratsean auzotarrak. Protesta egunaren aldarriak zabaltzen zituen bozgorailuarekin zeharkatu zituzten auzoko hainbat kale eta plaza; besteak beste, Plaza Haundin, Karmengo ama birjina kalean eta Gladys Enea inguruan ibili ziren gora eta behera aldarrikapenak zabalduz. Gurpildun aulki batekin, eta erizain eta zaintzaileen ohiko uniforme zuria jantzita atera ziren kalera, grebak erdigunean jarri duen zaintza sistema errotik aldatzeko beharra dagoela azaltzeko. Bizilagun askoren arreta bereganatuta, informazio orriak banatu eta pankartak jarri zituzten auzoko hainbat txokotan.