Altxerri arte galeria historikoa itxiko dute urte bukaeran
Erregina Erregeordea kaleko Altxerri arte galeria historikoak agur esango du abenduaren 31n, eta Donostiako arte galerien sarean hutsune garrantzitsu bat utziko du. Azpian duen izen bereko taberna eta kontzertu areto ezagunaren etorkizuna oraindik ez dago argi —egun, Dabadaba aretoko arduradunek kudeatzen dute—, baina litekeena da irekita jarraitzea, espazio osoaren etorkizuna argitu arte, El Diario Vasco egunkariak argitaratutako informazioaren arabera.
Altxerrik 40 urte bete berri ditu 2023an, 1983an ireki baitzuen egungo jabe Raquel Martinez Ubagok eta beste kide batzuek. Javier Balda da galeriako zuzendaria, eta aipatu hedabideari azaldu dionez, 2008ko krisiak eta pandemiak estatuko artearen merkatuaren egoera aldatu du, eta dena Madrilen zentralizatu izana da galeria ixteko faktoreetako bat.
Era berean, Baldak azaldu du erakusketa berezi bat prestatu dutela itxiera gisa: “Raqueli berari eskatu diogu bere lan artistikoa sentimenduzko itxiera gisa eta berarekin lan egin dugun guztion lanaren aitorpen gisa erakusteko, ni orain galeriako zuzendaria bainaiz, baina horren guztiaren aurretik areto honetan erakusteko atsegina izan nuen artista izan nintzen”. Abenduaren erdialdean inauguratuko dute erakusketa hori.