Izen ematea zabalik dago KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan
KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolako formakuntza saio guztiak Cristina Enea Fundazioan izango dira zortzigarren edizio honetan. Proiektu ekonomiko kooperatiboak eta komunitarioak sortzeko prozesuan laguntza ematen du eskolak, proiektuen atal ezberdinak landu eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean kokatzeko ikasgaiekin. Abenduaren 11n abiatuko dira jardunaldiak eta otsailaren 7ra arte luzatuko dira. Saioak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira, 16:00etatik 19:00etara. Izen ematea doakoa da.
Olatukoop, Lanki (Mondragon unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegia) eta GEZKI (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) dira KoopFabrikaren sustatzaileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruko Departametuak finantzatzen du proiektua.
2017an abian jarri zenetik, proiektu bizien bidelagun izan da KoopFabrika. 680 pertsonak hartu dute parte, 69 proiektu jarri dira abian eta 135 proiektuk jaso dute laguntza. Horretaz gain, Ekintzailetza Sozial Kooperatiboko hainbat programa eta proiektu sustatu dira, Gipuzkoan zein Euskal Herriko beste lurraldeetan.