Kaleetako argiteria hobetzeko eskatuko du PPk udalbatzarrean
Donostiako kaleetako argiteria hobetzeko eskatuko duen mozioa aurkeztuko du PPko bozeramaile Borja Corominasek osteguneko udalbatzarrean, “hiri segurtasuna hobetzeko”. Zehazki, farolak inguratzen dituzten zuhaitzak kimatzeko, farolen orientazioa argiztapena maximizatzeko egokia ote den aztertzeko eta farola guztietan LED argiak jartzeko eskatuko dute. Halaber, legealdian proiektu pilotu bat abiatzeko proposatuko du alderdiak, farolei mugimenduarekin aktibatzen diren sentsoreak jartzea xede izango duena, oinezko bat gerturatzen denean argiztapena areagotzea ahalbidetuko luketenak.
Horrela, garrantzitsutzat jo du Corominasek argiteria hobetzea: “Donostiako kaleetan argirik ez egoteak segurtasun falta eragiten du, gaueko mugikortasunari eragiten dio eta bizilagunentzat oso atseginak ez diren inguruneak eskaintzen ditu”. “Ziur gaude argiztapen egoki batek gaueko bizitza sustatu eta komunitate zentzua sustatu dezakeela, hiri ingurune atseginagoak eta seguruagoak sortuz guztiontzat”, gehitu du.
Horrez gain, Corominasen arabera, karraskarien plagei aurre egiteko ere balio dezake argiteria hobetzeak: “Hiriguneetako argiztapen faltak karraskarien presentziaren arazoa larriagotzen du, eta, beraz, gure kaleetan argitasuna handitzeak giza segurtasuna hobetzeaz gain, karraskarientzako habitat mesedegarria ere murriztuko du”.