Loiolan, peluxeak dira Gabonen iragarle
Gabonetarako hilabete baino gehiago gelditzen den arren, egun horietarako prestaketetan murgilduta dago hiria. Argiak pizteke daude, baina urriaren amaieratik ikusi daitezke kaleetan, eta larunbatean bertan ireki zuten Alderdi Ederreko noria. Udalak jarritako argiztapen eta gabon elementuez gain, Loiolan ere hasi dira prestaketak. Asteburu osoan zehar milaka peluxe jarri dituzte, ohiko moduan, auzoko jaiotza sortzeko.
Bizilagun guztiek eskainitako peluxeak dira kalean aurki daitezkeenak. Loiolako Atarieder plazan daude gehienak, eta inguruko baranda batzuk ere apaintzen dituzte tamaina askotariko animalia eta panpinek. Hori guztia antolatzeko antolatzeko, auzoko sei emakumek hartzen dute iniziatiba, ‘Atsoak’ izenez ezagunak. Bizilagunek uzten dizkiete panpinak, eta haiek arduratzen dira auzoa atontzeaz. Errege egunarekin batera, ordea, desmuntatzea ekiten diote, hurrengo urtera arte peluxeak ondo gordeta egon daitezen.