Polloeko mausoleo frankistako gurutzea kentzeko proposamena baztertu du Eusko Legebiltzarrak
Elkarrekin Podemosek proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, Polloe hilerriko mausoleo frankistako gurutzea kendu dezaten, “kolpistak goratzen dituen sinbolo bat” izateagatik. Ordea, soilik EH Bilduren babesa jaso du proposamenak —Julen Arzuagaren bidez—, eta proposamena baztertua izan da.
Martirien Mausoleoa da aipatu gurutzea daukan gunea, eta 36ko gerraren garaian hildako zenbait militar frankisten hilobiak daude han. Ordea, iazko maiatzean, Aranzadi Zientzia Elkarteak udalaren aginduz mausoleoa ikertu ostean, han lurperatuta dauden hamazazpi miliziano antifaxistaren gorpuzkiak identifikatu zituen, baina beste gorpu asko daude han, identifikatu gabe. Horrela, udalak mausoleoko plaka frankista kendu zuen orduan, eta gunearen esanahia aldatu eta miliziano antifaxistak omendu zituen aurtengo martxoan.
Elkarrekin Podemoseko parlamentari eta Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari nagusi Jon Hernandezek aurkeztu du proposamena, eta plaka kendu eta milizianoen izen-abizenak daramatzan beste plaka bat jarri izana aurrerapausoak izan direla aitortu badu ere, nabarmendu du lana ez dela bukatuta egongo “gurutzea desagertu arte”. “Gurutzea frankista den ala ez eztabaidatuko da. Kasu honetan bai, nazional katolizismoak elementu erlijiosoak erabiltzen zituelako erregimena goratzeko”, gaineratu du; era berean, galdegin du ea gurutzea frankista izango ez balitz ere zergatik egon beharko luketen milizianoek sinbolo horren azpian lurperatuta. Bestalde, Arzuagak eta Hernandezek azaldu dute ez dela gurutze ororen aurkako proposamen bat, gurutze horren aurkakoa baizik, duen esanahi frankistarengatik.
Aranzadik bere garaian azaldu zuen gorpuzki guztiak nahastuta daudela, eta oso zaila izango litzatekeela handik ateratzea; horregatik jarraitzen dute hor. Hala ere, Arzuagak azaldu du Aranzadiri planteatu ziola gorpuzkien parte bat behintzat ateratzeko eta senideei emateko aukera, eta hori ez dagoela erabat itxita oraindik.
EAJ eta PSE-EE gobernukideak, ordea, gurutzea kentzearen aurka agertu dira. “Gehiago edo gutxiago gustatu dakiguke, baina ez da ikur frankista, udalaren jabetzako hilerri batean dagoen sinbolo kristaua da”, esan du PSE-EEko Miren Gallastegik. Iñigo Iturrate jeltzaleak, bere aldetik, adierazi du “bizia eman zuten gudari askok ikur hori” ere bazutela, eta gaineratu du proposamenak “inolako ekarpenik egiten ez duen gurutzeen gerra bat” irekitzen duela. PP-C’s ere Hernandezen proposamenaren aurka agertu da, eta koalizioko ordezkari Carmelo Barriok eskatu du 1936ko uztailaren 30ean Donostian eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan bando errepublikanoak “zitalki exekutatutako” 156 pertsonen memoria “berreskuratzeko eta duintzeko”. Eskaera baztertu egin dute gainontzeko taldeek.