Berrikuntzaren Asteak gazteen eta emakumeen ekintzailetza izango ditu ardatz
Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak Donostia Sustapenaren bitartez antolatuta, Donostia WeekInn – Berrikuntzaren X. Astea azaroaren 27tik 30era egingo da. Donostia ekintzailetzarantz eta berrikuntzarantz abiaturiko espedizio batean murgiltzea eta Donostiak zientzia eta berrikuntza hiri gisa duen lekua finkatzea dira ekimen honen bi helburu nagusiak. Aurreko bederatzi edizioetan, Donostia WeekInn Asteak 380 jarduera eraman ditu aurrera eta bertan 33.000 parte hartzaile izan ditu, horien artean 7.500 ikasle eta 500 kolaboratzaile baino gehiago.
Ekintzailetza eta gazteen eta emakumeen parte hartzea izango dira hamargarren edizio honetako ardatz nagusiak, azaroaren 29an Kursaalen egitekoa den Ekintzailetza eta Berrikuntzaren aldeko Topaketarekin batera. Startupak, ekintzaileak, enpresak eta arloko erakundeak elkarrekin lotuko dituen konexio gune bat sortzea da jardunaldiaren helburua. Ekitaldiak gazteei eta emakumeen ekintzailetzari gordetako espazioak eta jarduerak eskainiko ditu, startupek aurre egin beharreko erronka nagusiei helduko die eta inbertitzaile potentzialak ezagutzeko lana erraztuko du. Kultura ekintzailea presente egongo da hackathon batean eta ekintzailetza berritzaileari buruzko mintegi trinko batean (batxilergoko, LHko eta unibertsitateko ikasle gazteei zuzenduak biak).
Gazte eta emakume ekintzaileak behar dituzte
Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak adierazi duenez, “Donostiak zientzia eta berrikuntza hiri gisa duen lekua finkatua dago, eta etorkizunean proiekzioa izango badu, behar-beharrezkoa da belaunaldi berriak eta emakumeen talentua ekintzailetza berritzailearen barruan txertatzea. Gaur egun, 6.000 pertsonak egiten dute lan ikerketaren esparruan, eta 2022an I+Gko 188 enpresa sortu ziren. Zifra horiek EAEko eta estatuko batez bestekoaren gainetik daude, baina hazten jarraitzeko espedizio batean murgildu beharra daukagu, eta hori bakar-bakarrik izango da posible bokazio zientifiko tekniko berriak bultzatuz eta emakumeen talentua osorik baliatuz. Berrikuntzaren X. Asteak errealitate hori agerian jarri nahi du. Hazi nahi badugu, gazte eta emakume ekintzaileak behar ditugu”.
Esteka honetan ikus dezakezue Berrikuntzaren Astearen programazio osoa eta ordutegia.