Binakako txapelketako partidak jokatuko dira aurrerantzean Atano III pilotalekuan
Amaitu dira Anoetako Atano III pilotalekuko paretak margotzeko lanak, eta Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziaren arabera, itxura berri bat du orain. “Gris ilunez margotu dituzte paretak, antzeko beste instalazio batzuetan bezala, eta, gainera, pilotaren ibilbidea hobeto ikusten laguntzen du, batez ere telebistako emanaldietan”, adierazi du Gabarainek.
Horrela, Atano III.aren irudia pilota txapelketako lehen lerrora itzuliko da, izan ere, Donostiak binakako txapelketako partidak hartuko ditu. “Helburutzat nuen pilotaren egutegian Donostia dagokion lekura itzultzea. Aspekin lortutako akordioa irmoa da eta Donostian jokatuko dira esku pilota txapelketako lau partida, eta buruz burukoaren eta Lau eta Erdikoaren hainbat txanda”, zehaztu du zinegotziak.
Gainera, Gipuzkoako Pilota Federazioarekin akordio bat lortu du udalak Atano III.a bere erreferentziazko zentroa izan dadin. Gipuzkoako gizonezkoen zein emakumezkoen selekzioen egoitza izango da, eta federazioak antolatutako torneoen final guztiak hartuko ditu. Kadeteen teknifikazio zentroa ere izango da. Horrez gain, Atano III.a izango da emakumeen pilota sustatzeko proiektuak bultzatuko dituen instalazioa.