Hezkuntza Fakultateko egoera eta EHUren jarrera salatzeko mobilizatu dira
Sinadura bilketa egin du azken asteotan UIBek, eta 693 ikasleren eta 43 irakasleren sinadurak lortu ditu.
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Ibaetako campuseko Hezkuntza Fakultateko ikasleek denbora daramate salatzen fakultatearen egoera txarra dela eta EHUk ez diela arazoei irtenbiderik ematen, eta kalera atera dira gaurkoan. Hain zuzen ere, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) deituta, hainbat ikasle eta irakasle fakultatearen atarian elkarretaratu dira, egoera salatzeko.
Azaldu dutenez, ikasturtea hasi zenetik hilabete batzuk igaro arren, “gutxienez zazpi irakasle” falta dira. Era berean, EHUren jarrera salatu dute, “egoeraz jakitun den arren, urteak baitaramatza ezikusiarena egiten”. “Izan ere, aurten LOSU legearen aplikazioak ordezko irakasleen figura sortu, eta askotan 800 eurora heltzen ez diren soldata miserableak ezarri dituen arren, egoera aspalditik dator. Are gehiago, mobilizatu direnek argi utzi dute EHUko beste fakultate askotan ere antzeko arazoak agertzen ari direla”, gaineratu dute UIBekoek. Ildo horretatik, azken urteotako “joera orokorra hezkuntzaren zein gainontzeko zerbitzu publikoaren etengabeko okertzea” dela salatu dute, eta hori “bizimoduaren pobretzearen beste adierazle bat” dela deitoratu dute.
Hori dela eta, unibertsitateko langile sektoreak “antolatzera” deitu ditu UIBek, baita “ikasleak, irakasleak zein gainontzeko langileak elkarrekin antolatu eta ikas eta lan baldintzen hobekuntzarako indar bateratu bat sortzera” ere, “guztion ongizatea bermatuko duen hezkuntza sistema baten alde; nahitaez gizarte eredu berri bati loturik eraiki beharko dena”.
Horrez gain, EHUri eskatu diote “erantzukizuna hartu eta egoerari berehalako irtenbidea emateko”, eta, horretarako, beharrezkotzat jo dute “irakasle gehiago kontratatzea eta kalitatezko lan baldintzak ezartzea”. Halaber, UIBek gogorarazi du azken asteotan euren aldarrikapenen aldeko 693 ikasleren eta 43 irakasleren sinadurak bildu dituztela, eta irakasleen errektoreordeari helaraziko dizkiotela.