Hiru pertsona atxilotu eta beste 40 identifikatu dituzte Ibaetako festa ilegal batean
Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita, eta berrogei lagun identifikatu ditu Ibaetako eraikin abandonatu batean legez kanpoko festa bat hustu ostean.
Gertakariak igande goizean izan ziren, udaltzainak Infernua izenez ezagutzen den inguruan autoen joan-etorri ugari zeudela ohartu zirenean. Ohiz kanpokoa iruditu zitzaien, “leku horretan ez delako jende asko mugitzen”, eta kalez jantzitako patruila bat bertaratu zen. Agenteek ikusi ahal izan zuten Infernuko abandonatutako eraikin bateko garajetik sartu eta irteten zela jendea. Udaltzainek azaldu dutenez, eraikin hartatik irten ziren hainbat pertsona identifikatu ostean, ohartu ziren guztiak “drogen kontsumoaren eraginpean” zeudela, eta ondorioz, erregistratu egin zituzten. Substantzia ilegalak aurkitu zizkieten, eta hainbat akta egin behar izan zizkieten droga izateagatik.
Gainera, hiru pertsona atxilotu zituzten osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita, norberaren kontsumorako kontsideratzen dena baino askoz ere droga kantitate gehiago zutelako, azaldu dutenez.
Identifikatutako pertsona batzuek adierazi zietenez, ostiral gauean hasi zuten legez kanpoko festa, eta atxiloketak egin zituzten unera arte etengabe jarraitu zuten parrandan. Udaltzainek baieztatu ahal izan zutenez, bertan zeuden pertsonek ez zuten baimenik festa hori egiteko, eta agenteak barrura sartu ziren festaren antolatzailearekin frogaketa batzuk egiteko.
Eraikinaren barruan, dantzaleku bat zirudien gune bat ikusi zuten udaltzainek, bozgorailuekin eta musika nahasteko mahai batekin. Bertan, jende dezente zegoela ikusi zuten, horietako gehienak dantzan. Udaltzainek antolatzaileak identifikatu zituzten, eta amaitutzat eman zuten legez kanpoko festa hori. Jendea eraikinetik atera zenean, lurrean “droga mota desberdinak” botata zeudela ikusi zuten, eta mahaian ere droga arrastoak aurkitu zituzten.