Igeldoko saihesbidearen eta kanpinaren artean espaloia egingo dute
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du espaloi bat eraikitzea Igeldoko saihesbidearen mendebaldeko irteeraren eta kanpinaren artean. Egun, bi noranzko dituen galtzada bakarra da, eta irregulartasunak ditu.
Udal gobernuak onartutakoaren arabera, 1,5 eta bi metro arteko zabalera izango duen espaloi bat eraikiko dute. Horretarako, lur kudeaketa adostu behar izan da, lursailen jabeekin akordioetara iritsiz, eta alkatea pozik agertu da kudeaketa horrekin: “Prozesuaren zati konplexuenetariko bat izan da”.
Hala, alkateak aitortu du “ilusio berezia” egiten diola neurria hartu izanak, “bete” egingo delako Igeldoko bizilagunek egiten zuten eskaria, eta neurriak oinezkoentzat “segurtasuna bermatzeko” modua ere eskainiko duela adierazi du. Era berean, lan horiek argiteria, telefono sarea eta euri uren sarea berritzeko ere baliatuko dira.
Lanek 1.586.000 euroko aurrekontua izango dute, eta sei hilabeteko egikaritze epea. Proiektuak Next funtsen finantzazioa izango du, udalak turismoari lotutako eskaeren barruan sartu baitzuen.