'Lied koadernoa' poema musikatuen diskoa argitaratu du Joserra Senperenak

Lied koadernoa diskoa argitaratu berri du Joserra Senperena pianista donostiarrak, 30 poema musikatuk osatzen duten lana. Hainbat musika estilotan ibilbide luzea eta oparoa egindakoa da Senperena, baina oraingoan buelta eman dio lan egiteko moduari, musikariak berak ohar baten bidez azaldu duenez: “Orain arteko ibilbidean, kantu gehienak sortzeko prozesuan, lehenengo pausoa musika idaztea izan da, eta idazleek letra jarri diete ondoren; melodiak letra baldintzatu du. Lied koadernoa-n, berriz, asmoa alderantzizko prozesua egitea izan da, letrari eustea gero zer melodia sor zitezkeen ikusteko, zein soinu paisaiatara irits zitekeen; lurralde berriak esploratzea poesia abiapuntutzat hartuta”.
Horrela, 2022an, hainbat garaitako idazle euskaldunen poemak irakurtzen hasi zen Senperena, eta, azkenean, Mari Luz Esteban, Juan Luis Zabala, Leire Bilbao, Itziar Ugarte Irizar, Josu Goikoetxea, Goizalde Landabaso eta Jon Gerediagaren egungo lanetan aurkitu zituen “etorkizuneko melodien formaren inspirazioa eta letrak”, azaldu duenez. “Poema laburrak dira, asimetrikoak gehienak, hizkuntza ez erretorikokoak, maitasunaz, desioaz, egunerokotasunaz, aldarrikapen sozialaz edo naturaz hitz egiten dutenak”, gaineratu du.
LIED KOADERNOA
— Joserra Senperena (@jrsenperena) November 7, 2023
Azaroaren 17an salgai.
A la venta el 17 de noviembre. pic.twitter.com/DT0NgMvpWt
60 bat lan konposatu zituen pianistak, eta gehien gustatzen zitzaizkion 30ak aukeratu ondoren, Maite Arruabarrena mezzosoprano donostiarrarekin entseatzen hasi zen. Entseguetan zehar, Senperenak hainbat egokitzapen egin zituen konposizioa bi interpreteen ezaugarrietara moldatzeko: tonalitatea, tempoa, ahotsaren eta pianoaren diskurtsoaren arteko oreka, eta zenbaitetan piezak ordezkatu ere egin zituen; hori guztia obraren koherentziaren eta batasunaren mesedetan.
Horren guztiaren emaitza da Jean Phocasek 2023ko uztailean Musikeneko Auditorioan grabatutako Lied koadernoa lana, zeinetan Senperenak Schubert eta Schumann erromantikoen lanetan, Pablo Sorozabal eta Aita Donostia XX. mendeko konpositore euskaldunenean eta egungo musikan kokatu duen begirada. Diskoa formatu fisikoan salgai dago, eta plataforma digitaletan ere entzun daiteke.