Nobu hotelarekin gertatutakoa «oso larria» dela salatu du Bizilagunekin plataformak
Nobu hotelaren itxierarekin gertatzen ari dena “oso larria” dela eta “arduradun zehatzak” dituela salatu du Bizilagunekin plataformak. Azaldu dutenez, aurtengo urtarrilean, maiatzean, abuztuan eta irailean jaso ditu udalak Nobu hotelaren eraikuntzan ematen ari ziren arau hausteak agerian jartzen zituzten salaketak. “Besteak beste, hotela aurtengo Aste Nagusian zabaldu aurretik, eraikina altuera handiagoan berreraikitzen ari zirela eta baimenik gabeko tximiniak ezarri zituztela salatua izan zen, beharrezko froga grafikoz hornituta. Azaroan hiriko ondare arkitektonikoaren zaintzan eta defentsan diharduen Ancora elkarteak egoera salatzen duen idatzia erregistratu du udalean eta publikoki airatu du auzia. Agerian geratu ostean, udalak hotelaren itxiera agindu du”, adierazi du Bizilagunekinek.
Haien ustez, “ondare arkitektonikoaren ikuspegitik egindako txikizioez gain”, araudiarekiko jokaera da nabarmentzekoa. Jarduera baimenik gabe hotela irekita zegoela “begi bistakoa” zela nabarmendu dute. “Hirigintza sailaren esku zeuden salaketa guztiak, eta Hirigintza zinegotzia hotela ireki zuen momentutik jakitun zen baimenik gabe ari zirela. Alkateak berak eta beste hainbat zinegotzik hotelean egindako ekitaldietan parte hartu dute, baimenik gabe zabalik eta negozioa egiten ari zen hotelean. Eta jokaera lotsagarri hori ilustratzen duten argazkiak denok ikusi ditzakegu”, adierazi dute.
Gaia publikoki salatu den arte, hirigintza zinegotziak eta alkateak ez dutela neurririk hartu salatu dute. “Herritarrak mugitu dira hiriaren interes orokorra defendatzeko, eta horrek soilik behartu ditu udal arduradunak itxiera agintzera. Hirigintza eta lurzoruari buruzko 2/2006 Legeak 225.4.b) artikuluan dio ‘Erantzukizuna izango dute lurralde antolamenduan eta hirigintzan eskumena duten toki erakundeetako kideek eta agintariek, gauza hauek egiten dituztenean: (…) b) Ezkutuko ekintza edo jarduerak eta hirigintzako arau hausteak ikuskatzeko, babesteko, konpontzeko eta zehatzeko ahalmenez ez baliatzea'”, zehaztu dute.
Itxiera agindua abuztuan bertan sinatu zezaketen arren, “turismo denboraldiaren garai emankorrenean negozioarekin jarraitzea baimendu diote hotel ilegalari”, Bizilagunekinen ustez. “Kontuan izanda gauek 800 eta 1800 euro artean balio duten hogei gelarekin lan egiten duela hotelak, ehunka milaka euroko diru sarrerak eskuratu ahal izan dituzte hiru bat hilabetean zehar”, nabarmendu dute.
Euren ustez, “zigorra eta isuna merezi duten arau hauste larriak” egin dituzte hotelaren sustatzaileek: babestutako arkitektura osagaiak nabarmen kaltetu, erregistratutako proiektuari ez jarraitu eta altuera igo, tximiniak ezarri, jarduera gabe aritu… Hala ere, oraindik zigor espedienterik zabaldu ez izana deitoratu dute. “Hirigintza eta lurzoruari buruzko 2/2006 Legearen 226.4. artikuluak dio ‘Arau hausteak inola ere ezingo dio ekarri onura ekonomikorik arau hausleari. Beraz, arau haustea egiteak onura ekonomikorik ekarri badu edo badakar, lortutako onura ekonomikoaren guztizko zenbatekoa gehituko zaio zehapen ekonomikoari'”, baieztatu dute. Ondorioz, uste dute “zigor handiak” jaso beharko lituzkeela Nobu hotelak, hirigintza araudiari erreparatuta.
Salatu dute udalak utzi egin duela “arau hauste” hau gertatzen, eta “informazio guztia eskura” izan arren, “Nobu hotelaren delituekin konplizitatez jokatu” duela. Hori dela eta, eskatu dute udalak hotelaren sustatzaileei “egindako arau hauste guztien neurriko zigor ekonomikoa” ezartzea: hilabete hauetan ilegalki eskuratutako diru sarreren kopuruaz gain, ondareari egindako kaltea eta balizko lehengoratzea estaliko dituena, gutxienez.